Ramírez Vázquez, Pedro
Mexikar arkitektoa (Mexiko Hiria, 1919). Bere eraikinen handitasunagatik eta mexikar sustraiko arkitektura molde plastikoagatik da ezaguna. Egin duen lanik ezagunena herri-eskola (1958) prefabrikatua da, Milango XIII. Hiru Urteko sari berezia jaso zuena. Mexiko Hiriko Antropologia Museoa (1964) da monumentalismo horren beste erakusgarri bat; aretoak patio lauki-zuzen zabal baten inguruan daude antolatuta; sarreraren mutur batean, egituraren parte gisa, euritako erraldoi moduko bat dago, eta egitura horren erditik, eusten dion zutabea inguratuz, ura erortzen da etengabe, errezel bat bailitzan. Iturri erraldoi hori Tlaloc euriaren jainkoaren irudikapena da. Obra hori, oro har, duintasun nazionalaren irudikapena da, Colon aurreko kulturen eta hispaniar kulturen arteko nahasketaren erakusgarri bat, eta mexikar arkitekturaren ezaugarri nagusien bilduma: patioa eraikuntzaren elementu nagusi gisa erabiltzea, patioaren inguruan antolatutako espazioak, paisaiarekiko adostasuna, materialak eta egiturak koloreak errespetatuz erabiltzea, eskulangintzako akaberak, eta abar. Museoak Sao Pauloko VIII. Bi Urtekoaren saria irabazi zuen 1965ean. Pedro Ramírez Vázquezen garrantzi handiko beste obra batzuk: Juarez hiriko Museo Nazionala eta Iraultzaren Museoa; Arte Modernoko Museoa; Historia Galeria (Mexiko Hiria); Azteca Tlalpan futbol zelaia; eta Guadalupeko eliza. Halaber, obra txikiagoak egin ditu: Coyoacan eta La Lagunillako azokak; Omega eraikinak; Hegazkin Konpainiaren eraikina; eta beste instituzio eta erakunde batzuen eraikinak. Sari asko irabazitakoa da, bai Mexikon, bai Mexikotik kanpo; horien artean aipagarrienak Arteen Sari Nazionala eta Frantziako Arkitektura Akademiaren Urrezko Domina dira.