quark
iz. Fis. Teoria batzuen arabera, materiaren oinarrizko osagaitzat hartzen den atomoaz behetiko partikula; atomoen nukleoa protoiez eta neutroiez osatua den bezala, partikula horiek quark-ez osatuak direla pentsatzen da. Teoria zabalduenaren arabera, quark-ek badute masa, baina ez dute inolako egiturarik, ez baita quark-ak baino elementu txikiagorik. v 1964. urtean, Gell-Mann Estatu Batuetako fisikariak quark-a finkatu zuen partikulen sailkapen sistema baten oinarri gisa. Finnegans Wake, James Joyce-ren liburuaren pasarte batetik hartu zuen izena. Teoria horren arabera, quark-ek elektroiaren kargaren partikulak diren karga izaten dute (elektroiaren kargaren +2/3 edo -1/3). Quarkak dastamenarekin zerikusirik ez duten sei flavour edo zapore izeneko modu desberdinetan gertatzen dira, u, g, d, c, s, eta t letraz adierazten direnak, ingelesezko hitz hauen laburduraz: up (gora); down (behera); charmed (xarmangarria); strange (arraroa); top (gailurra); eta bottom (hondoa). v 1977. urtean Quantum Chromodynamics (QCD) teoria sortu zen, elementu horien beste kontzeptu garrantzitsu bat jasotzen zuena: kolore karga. Kontzeptu horrek ez du zerikusirik koloreen ohiko kontzeptuarekin, quark-en tasun berezi bat adierazteko erabiltzen den kontzeptu analogoa baita. Quarken zapore horietako bakoitza hiru kolore primarioz adierazten da, gorriaz, berdeaz eta urdinaz; eta antiquark-enak, berriz, ziano kolorez, magentaz eta horiaz. Elektromagnetismoan “karga” partikula kargatuen arteko fotoi truke gisa definitzen den moduan, eragin gogorreko indarrean kolore karga quarken arteko gluoi izeneko masarik gabeko partikula truke gisa definitzen da. Teoria horren arabera, quarken artean izaten diren konbinazio guztiek irudimenezko kolore horien nahastura kopuru beraz izan beharko lukete osatuak; hala, quark horietaz osaturiko partikulek ez lukete kolorerik izango (kolore zuria). Fotoiek indar elektromagnetikoa dute eta gluoi-ek, berriz, quarkak elkarri lotzeko indarra; indar horiek ez dira karga elektrikoak, kolore kargak baizik.