quantum
iz. Fis. Sistema batek truka dezakeen energia elektromagnetiko kopuru txikiena. Adituen ustez, XIX. mendearen amaiera arte, izadian ikusitako gertaera guztiak magnitude fisikoetan gertatzen ziren aldaketak era jarraituan jazotzen ziren, eta aldaketa horiek mekanika eta elektromagnetismo klasikoaren bidez azaltzen ziren. Hala ere, materiaren eta irraden artean gertatzen ziren zenbait fenomenoren aztertu ondoren, azalpen teorikoen (Maxwell-en, Einstein-en eta Planck-en teoriak lekuko) eta fisikariek atomoen espektroak azterketatik ateratako ondorioen arabera, onartu behar izan zuten badirela mikrokosmosean jarraitasunik gabe, jauzi bidez bakarrik alda daitezkeen magnitude batzuk. v maiztasuna duen fotoi baten energia quantum-a hv da, h Planck-en konstantea delarik. v Quantum zenbakia. Sistema mikroskopiko baten edo atomoaren partikula baten quantum egoera desberdinak adierazten dituen zenbaki osoa, partikula erakoa edo hutsa. Schrödinger-en uhin ekuazioa ebaztean agertzen dira; atomoaren oinarrizko partikulek lau quantum zenbaki dituzte: 1) n quantum zenbaki nagusiak energia maila mugatzen du; haren balioa edozein zenbaki positibo izan daiteke. 2) l bigarren mailako quantum zenbakiak energia azpimaila mugatzen du eta orbitalaren momentu angeluarra definitzen du; haren balioa 0 eta (n-1) artean egon daiteke. 3) Quantum zenbaki magnetikoak, m, orbitala mugatzen du eta haren momentu magnetikoa definitzen du; -l eta +l tarteko balioak izaten ditu. 4) s, spinaren quantum zenbakiak elektroiak bere inguruan duen errotazioaren momentu magnetikoa mugatzen du, eta +1/2 eta -1/2 balioak bakarrik har ditzake. v Quantum mekanika. Mekanika klasikoarekin zerikusi zuzen-zuzena ez duen eta atomoaren egituraren eta materiaren argi absortzio eta igortze fenomenoen azterketatik sortu den fisikaren teoria garrantzitsua. Quantum mekanikaren barruan sartzen dira Heisenberg-en matrizen mekanika, Schrödinger-en uhinen mekanika eta Jordan eta Dirac-en transformazioen teoria. Uhinen mekanikak bikoiztasuna ezartzen du uhinen eta gorpuzkien artean, eta horren arabera elektroi bat edo fotoi bat (argi quantum-a) alde batetik uhin gisa onartu behar da eta beste batetik partikula gisa. Quantum mekanikan zailagoa da atomo bat nolakoa den buruan irudikatzea, ezin baitira elektroiarentzat orbita finkoak pentsatu. Horren ordez elektroiak bete ditzakeen trinkotasun desberdineko eremuak irudikatu behar dira.