Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Qom

Irango erdialdeko hiria, Rud-e-Quom ibaiaren bi bazterretan eta Dasht-e Kavir basamortuaren ondoan kokatua, Teherandik hego-mendebalera (147 km). 637.700 biztanle (1985). Islamaren milizia iraultzaileek irandar gudarostea menderatu zuten 1979an Qomen. Urte berean Khomeinik, iraultzaren buruzagiak, han kokatu zuen bere egoitza. Gaur egun industria hiria da Qom, Teherandik hurbil dagoelako, batez ere. Petrolioa eta gas naturala banatzen dira handik beste herrietara, eta Teherandik datozen hodiak Qometik igarotzen dira Pertsiako golkora iritsi aurretik. 1956an aurkitu zuten petrolioa Qometik gertu, eta findegi handi bat eraiki zen. Oihalgintza, petrokimika, zementua eta adreilugintza dira petrolio eta gasaren industriarekin batera ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. X. mendean xiien bilgunea izan zen; 816an Fatima Ali ar-Rida imanaren arreba Qomen hil zen eta han ehortzi zuten. XVII. mendean Fatimaren hilobiaren gainean urrezko ganga zuen santutegi bat eraiki zuten, eta erromesak leku askotatik iristen ziren Qomera. Errege eta santuen hilobi eta santutegi ugari dago Qomen, horietako asko balio handikoak.