Pouvreau, Silvain
XVII. mendeko euskal idazle eta itzultzailea, jatorriz frantziarra (Bourges, ? - Paris, 1675 inguruan). Parisen egin zituen eliz ikasketak eta han ezagutu zituen Paulgo Bizente santua eta Fouquet apezpikua. Saint-Cyranen (Jean Duvergier de Hauranne), Jansenioren jarraitzaile euskaldunaren morroi eta idazkari izan zen. Haren etxean ikasi bide zituen euskara, latina, gaztelania eta hebreera. Fouquet apezpikua Baionara etorri zenean, harekin ekarri zuen Povreau ere. 1640-1644 urte bitartean, Bidarteko erretore izan zen. 1644an, Olce izendatu zuten Baionako apezpiku, Fouqueten ordez. Harekin ongi konpontzen ez zela eta, jatorriko elizbarrutira itzuli zen. Hiru itzulpen argitaratu zituen: Guiristinoaren dotrina (1656, Richelieuren Instruction du Chretien euskaratua); San Frances de Sales Genevako ipizpicuaren Philotea eta Chapeletaren Andre dana Mariaren ohoretan devocionerequin erraiteco antcea (1664, Introduction ŕ la vie dévote); eta Gudu Espirituala, il Padre don Lorenzo Scupoli Chierico regolare Teatinoc italienez eguina (1665, Combattimento spirituale). Povreauren idazlan asko argitaratu gabe geratu ziren. 1892an J. Vinsonek Andre Dana Maria Privilegiatua argitaratu zuen, eta 1978an Hordago argitaletxeak Iesusen Imitacionea kaleratu zuen. Hiztegi bat ere utzi zuen, baina ez da argitaratu.