Pound, Ezra Loomis
Estatu Batuetako poeta (Hailey, Idaho, 1885 - Venezia, 1972). Pennsylvaniako unibertsitatean filosofiako eta hizkuntza erromanikoetako ikasketak egin ondoren, Europara jo zuen eta 1908. urtean argitaratu zuen lehen poema liburua, A lume spento, Venezian. Urte hartan Londresen hartu zuen bizilekua. Personæ (1909), Quia Pauper Amavi (1919) eta The Spirit of Romance (1910, Literatura erromanikoen izpiritua) poema bildumak argitaratu zituen. Hizkuntza gardeneko eta irudi zehatzeko poesiaren aldekoa zen. Bestalde, Europako Erdi Aroko eta Txinako literatura klasikoko poesiak itzuli zituen maisutasun handiz. Parisen izan ondoren Rapallon (Italian) jarri zen bizitzen 1924an. Lau urte geroago kaleratu zuen The Cantos poema bilduma ospetsuko lehen alea eta han, hizkuntza sarritan ilun baten bidez, hausnarketa historikoa, elezaharrak eta bere bizikizunak jaso zituen. Beste izenburu batzuekin argitaratu zen ondorengo urteetan obra hori, osatua eta ondua. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Italiako gobernu faxistaren alde agertu zen eta Estatu Batuen aurka. Gerra amaitutakoan atxilotu zuten eta Washingtongo erietxe psikiatrikoan egon zen 1946-1958 bitartean. Aske geratu zenean Italiara itzuli zen eta The Cantos poesia bilduma osatuaren argitalpena kaleratu zuen (1970). Eragin handia izan du Poundek, oso eztabaidatua izanik ere, geroztikako poesian.