Poulet, Georges
Idazle belgikarra (Chenée, Lieja, 1902 - Brusela, 1991). Frantsesez idazten zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren frantziar literaturan sortu zen “Kritizismo berriko” edo Nouvelle critique higikundeko kide ezagunena. Edinburgo, Baltimore eta Zurich-eko unibertsitateetan irakatsi zuen. Gaston Bachelard-en eragina izan zuen, eta hark bezala, existentzialismoa, psikologia eta literatura lotu zituen. Denboraren eta zirkuluaren irudia aztertu zituen literatura lanetan, eta Marcel Proust-en idazlanez, mitologiaz eta oro har literatura kritikaz idatzi zuen. Lan aipagarriak: Études sur le temps humain (1949, Giza denboraren ikerketak), Les Mètamorphoses du cercle 1961, Zirkuluaren metamorfosiak), L`Espace proustien (1963, Prousten espazioa), Les Chemins actuels de la critique (1968, Kritikaren gaurko bideak).