Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

porfirina

iz. Kim. Porfinaren egituraren kanpoaldean dauden 8 hidrogeno atomoren ordez zenbait erro jartzean (metilikoak, etilikoak, binilikoak, propionikoak, azetikoak…) eratzen diren gai nitrogenatu organikoak izendatzeko erabiltzen den genero izena. Izaera anfoteroa duten kristal erako gaiak dira. Porfirinen tasun kimikoen artean metalekin elkartzeko gaitasuna dago; egituraren erdialdean dauden hidrogeno bat edo biren ordez metalak (Fe, Mg, Cu, Zn, Co…) jarriz metaloporfirinak eratzen dira. Hauetako batzuek garrantzi handia dute biologian; hemina, adibidez, burdina duen porfirina da, ugaztunen arnasketa prozesuetan parte hartzen duena; klorofila, berriz, magnesioporfirina da eta fotosintesian hartzen du parte. Porfirinaren beste gai eratorri garrantzitsu batzuk zelularen metabolismoan parte hartzen duten zitokromoak eta kolore emaileen talde ftalozianina dira. Porfirinak sintesi bidez ere lortu dira amoniako, metano eta ur lurrunaren nahastura batetik korronte elektrikoa igaroaraziz. Biokimikarien ustez horrela eratuak bide dira bizitzaren sorreran oinarrizko eragile izan ziren klorofila eta beste porfirina batzuen lehen molekulak.