Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Porfirio

Greziako filosofo neoplatonista (Tiro, K.o. 234 - Erroma, K.o. 305). Filosofia ikasketak egin zituen Atenasen. Plotino filosofoa ezagutu zuen Erroman 262an; haren jarraitzaile izan zen eta haren hitzaldiak eta biografia argitaratu zituen. Logika, erretorika, matematika, astrologia, erlijio eta moralari buruzko idazlan asko idatzi zituen, eta Platonen eta Aristotelesen lanen iruzkinak egin zituen; aipagarriena Kategorien sarrera da, Aristotelesen filosofiaren iruzkina neoplatonisten ikuspuntutik egina, geroztik Boeziok itzuli eta Erdi Aroan eragin handia izan zuena. Kristautasunaren aurka borrokatu zen eta Kristauen aurka idazlana argitaratu zuen, gaur egun galdua dagoena.  v Porfirioren zuhaitza. Filosofian gorengo mailako sustantziaren edo generoaren eta beheragoko mailako generoen edo espezieen arteko mendekotasuna azaltzen duen irudia, Porfiriok asmatua.