Polisario, Fronte
(Esp. Frente Popular de Liberación de Saguia el Hamra y Río de Oro). Saharako alderdi nazionalista iraultzailea. 1973. urtean sortu zen Mauritaniako gobernuak babestuta; Aljeriakoaren laguntza izan du 1975. urteaz geroztik. Espainiak Mendebaleko Sahara Maroko eta Mauritaniako gobernuen administraziopean utzi zuenean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (SAED) aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak (1976). Mauritaniako gobernuak 1979. urtean sinatu zuen bake hitzarmena Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere egin zuen Mauritaniaren mendean zegoen Mendebaleko Saharako zatia. 1980. urtean 20.000 soldaduk osatzen zuten Fronte Polisarioko gerrilla eta Maroko Mendebaleko Saharan zituen herriak erasotzen hasi zen. Mauritaniak 1984. urtean onartu zuen SAEDa. Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko borrokak areagotu ziren, baina 1986. urtean elkarrizketak hasi zituzten bi alderdiak Mendebaleko Saharan autodeterminaziorako erreferendum bat egiteko. Erreferendumak 1992. urtean behar zuen, baina Hasan II.ak, Marokoko erregeak, hainbat trikimailu erabili zituen (saharatarrak ez ziren biztanleak jarri zituen bizitzen Mendebaleko Saharan, esaterako) erreferenduma ez egiteko edo, egitekotan, saharatarrek irabaz zezaten eragozteko.
- polipterido
- polipteriforme
- polirritmia
- polis
- polisakarido
- Polisario, Fronte
- polisemia
- polisemiko
- polisindeton
- polispermia
- polisulfuro