Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polis

iz. Hist. Antzinako Greziako estatu-hiria.  v Oro har, hiri batek eta elikadura ziurtatzen zuen inguruko lurraldeak osaturiko estatu burujabea zen polis-a. Eraketa molde hau Mesopotamiako hirietan agertu zen jadanik eta gero ohikoa gertatu zen Ekialde Hurbilean eta Mediterraneo aldean: Sumer, Fenizia, Siria, Zipre, Kreta. Etruriarrena eta lehen erromatarrena ere izan zen hiri antolaketa honen eredua eta garapena Antzinako Greziari dagozkio. Izan ere, Grezian ehunka batzuk izan ziren; halako estatu txikien ugalketaren arrazoia izadia, mendiek eta itsasoak mugaturiko lurraldeak, eta tribu zein erlijio zatiketak dira. Hiri horietako gehienen historia eta konstituzioa zatika besterik ez da ezagutzen; hala, askotan, greziarren historiak Atenas, Esparta eta beste polis gutxi batzuei buruzko datuak biltzen ditu. Greziako polis-ak K.a. VIII. mendean agertu ziren. Hiria gotorlekuak (akropoli), merkatu plazak (agora) eta bizitegiek (asty) osaturik zegoen. Klasiko deituriko garaian –monarkia eta tirania gobernu moten ondoren– polis-en helduaroa iritsi zen eta demokrazia garatu zen (Atenasen bereziki). Polis guztiek beren konstituzioa (politeia) eta legeak (nomoi) zituzten. Hiritarrak politikaz ez arduratzea gaitzetsia zen, eta Atenasen batzarrean (ekklesia), kontseiluan (boule) eta epaitegietan (heliaia) esku hartzen zuten.