Pirro IIa
(Lat. Pyrrhus). Epiroko erregea K.a. 295-272 urteetan (K.a. 318 - Argos, K.a. 272). Erbesteratutako Epiroko erregearen semea zen eta Iliriako erregearen ondoan eman zuen haurtzaroa. Demetrio Poliorceteren ikasle eta laguna izan zen eta harekin batera egin zuen borroka Ipson (301). 297. urtean itzuli zen Epirora eta arerio zuen Neoptolemorekin banatu behar izan zuen aginpidea. 295. urtean Neoptolemo pozoitu zuen eta Epiroko errege bihurtu zen. Sizilia, Italia eta Afrika inbaditzeko asmoa zuen. Italian lehorreratu zen 281. urtean eta tarentiarren laguntzaz Herakleako garaipena lortu zuen (280) bere gizonen artean hildako asko gertatu baziren ere (hortik garaipen pirrikoa). Siziliara jo zuen ondoren eta kartagotarrak handik egotzi zituen. Italiara itzuli zen berriro ere mertzenario talde bat lagun zuela baina Beneventotik hurbil izan zen guduan galtzaile suertatu zen eta itsasoratu egin behar izan zuen. Mazedonia inbaditu zuen ondoren eta Peloponesora jo zuen gero.