Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

piramide

iz. Egiptoko faraoien hilobi gisa erabiltzen zen eraikin handia, oinarria karratua eta lau aurpegiak triangeluak zituena. || Oinarritzat zernahi poligono eta aurpegitzat triangelu gailurkideak dituen poliedroa.  v Anat. Piramide itxurako hainbat egitura anatomikoz esaten da: giltzurruneko Malpighi-ren piramidea eta Ferrein-en piramidea; tiroides-en istmo-ko Lalouette-ren piramidea, etab.  v Geom. Piramidearen aurpegiak biltzen diren puntuari piramidearen erpina deritzo. Erpin horretatik oinarriaren planorainoko distantzia altuera edo garaiera da. Piramidearen erpinetik oinarriaren erpinetaraino doazen lerro zuzenei aldeko ertzak deitzen zaie. Oinarriaren formaren arabera, piramideak triangeluarrak edo lauangeluarrak izan daitezke. Oinarritzat poligono erregularra eta aldeak triangelu isoszeleak dituen piramideari erregularra deritzo. Piramide erregularretan, aldeko aurpegietako altuerari apotema deritzo; baldin a apotema eta p oinarriaren perimetroa badira, hau da piramide erregularraren alde azalera (S1): S1 = a.p /2. Piramide baten bolumena (V) lortzeko, tetraedroetan deskonposatu behar da: V = b.h /3, b oinarriaren azalera dela eta h piramidearen altuera.  v Arkit. Piramidearen egitura geometrikoa duten eraikuntzak munduko hainbat lurraldetan aurkitzen dira, geografian elkarretatik urrun diren eta historian zehar loturarik izan ez duten zibilizazioek sortuak: Indotxina, India, Amerika eta, batez ere, Egipton. Monumentu horiek helburu erlijiosoz edo handikien hilobia izateko eraiki zituzten; Mesopotamiakoak, Ameriketako gehienak, Indiakoak, Indotxinakoak… lehenengo sailean sartzen dira, Egiptokoak eta Ameriketako batzuk bigarrenean. nEgiptoko piramideak. “Piramideen Zelaia” deiturikoan, Kairotik hurbil, I. eta XII. dinastien arteko erregeen hilobiak gorde zituzten 70 piramide inguru gorde dira. Aurreneko piramideak elkarren gainean mastaba edo hilobi laukizuzen gero eta txikiagoak ezarriz egindako eraikuntzak ziren, hala nola Zoser-en piramide mailakatua Sakkara-n eta Snefru-rena Meidum-en (III. dinastia). Aldeetako plano lauak IV. dinastian erabili ziren lehen aldiz, Keops, Kefren eta Mikerinos-en piramide famatuetan. Piramidea bertan ehortzitako faraoiari eskainitako kapera eta bestelako eraikuntza multzoaren gunea zen; barruti hori guztia kareharriz egindako harresi handi batez inguratua izan ohi zen. Piramidea eraikuntza solidoa zen; sarrera albo batean zegoen eta handik, beheranzko eta goranzko plano makurren bidez, lurpeko ganberara, faraoiaren ganberara eta beste batzuetara iristen zen; gela haietan egunoroko tresnak, harri bitxiak eta janariz beteriko ontziak uzten zituzten. Faraoiaren momia bere ganberan utzi ondoren sarrera ixten zen. Gaur egun monumentu ia erabat desagertu den kanpoko estaldura kareharrizko eta granitozko lauzek moldatzen zuten.  v Ameriketako piramideak. Gehienak Mexikon eta Erdialdeko Amerikan loraturiko kulturek (totonaka, azteka, tolteka, maia…) eraikiak dira; Peruko inkek ere egin zituzten batzuk. Ameriketako piramideak mailakatuak dira eta haren gailurrean ezartzen zuten tenpluaren oin gisakoak ziren. Zenbaitetan, ordea, handiki baten hilobia daukate beren baitan (Palenqueko aztarnategia).  v Piramideetako gudua. Napoleon Bonapartek Egiptoko kanpainan lorturiko garaipena (1798ko uztailak 21). Gizeh-ko piramideen ondoan 10.000 mamelukoren erasoari gainditu zitzaion, eta bi egun geroago Napoleon Kairon sartu zen bere gudarosteekin.