Piquer, Conchita
Espainiar abeslari eta antzezlea (Valentzia, 1908 - Madril, 1990). 11 urterekin egin zuen debuta antzerkian, eta kantu ikasketak Laguna maisuarekin egin zituen. Valentzian zenbait emanaldi eskaini ondoren Penellak El gato montés operaren New Yorkeko estreinaldian (1922), bi ekitaldiren arteko atsedenean abesteko aukera eman zion, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen. Estatu Batuetan aritu zen, Broadwayn eta beste hainbat antzokitan abestu zuen eta zenbait film egin zituen: 1927an, Jazzeko abeslaria film ahostunean parte hartu zuen, eta geroago Benito Perojoren Arima zuria zuen beltza filmean parte hartu zuen, Parisen. Orobat hartu zuen parte Zuretzat abesten dut nik (1935), La Dolores (1940) edota Filigrana (1949) filmetan. Espainiara itzuli zenean kantuan murgildu zen, arrakasta handiz. Koplaren, tonadillaren eta andaluziar abestien mitoa, eta gerra ondoko espainiar abeslari handienetakoa izan zen. Gerra zibilaren garaian Rafael de León olerkari eta abesti egilea ezagutu zuen, eta harrezkero elkarrekin lan egin zuten; olerkariak abeslariaren interpretazio dohainen neurrira egindako abestiak sortu zituen, eta Piquerrek haiek abestuz lortu zituen arrakastarik handienak.