Peru
(Izen ofiziala, Peruko Errepublika; Gazt., República del Perú). Hego Ameriketako mendebaldeko estatua. 1.285.220 km2 eta 28.220.764 biztanle (2007, perutarrak). Mugak: iparraldean, Ekuador eta Kolonbia; ekialdean, Brasil eta Bolivia; hegoaldean, Txile; mendebaldean, Ozeano Barea. Hiriburua: Lima (7.584.000 biztanle, limatarrak). Hizkuntza: aimara, gaztelania, kitxua. Etniak: indiarrak % 45; mestizoak % 37; zuriak % 15; beltzak, japoniarrak, txinatarrak eta beste % 3. Erlijioa: katolikoa. Dirua: sol berria. v Orografia eta hidrografia. Hego Ameriketako mendebala iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten Ande mendiak dira Peruko lurralde egituraren ezaugarri nagusia. Nolanahi ere, sartaldetik sortaldera hiru alderdi nagusi bereiz daitezke Perun: kostaldea, mendialdea, eta oihanaldea. a) Kostaldea 2.200 km luze da, meharra eta idorra, oso euri gutxi egiten baitu urtean zehar. Ipar-mendebalean du zabalera handiena, Sechura-ko basamortuan. Kostaldean daude Peruko hiri nagusiak. b) Mendialdea Ande mendien Mendebaleko, Erdialdeko eta Ekialdeko mendikateez osatua da. Mendebaleko mendikatea ura Ozeano Barera eta, Amazonas ibaiaren bidez, Ozeano Atlantikora isurtzen duten ibaien banalerroa da. Han dira Peruko mendi garaienak: Huascaran mendia (6.768 m), erdialdean. Ekialdeko mendikateko mendi garaiena Ausangate mendia da (6.384 m). Sumendiak ere badira Peruko Andeetan, Misti sumendia (5.822 m), hegoaldean. Peruko Ande mendiak zabal eta garaiagoak hegoaldean iparraldean baino. Lurraldearen egitura dela eta, lurrikarak izateko arrisku handia da Perun. c) Andeetatik sortaldera dagoen alderdi hezea, La Montaña deitua, Amazonas ibaiaren arroko oihanak hartzen du ia oso-osorik. Peruko lurralde osoaren hiru bostenak hartzen ditu La Montañak, eta ibai handiek ureztatzen dute. v Ura Ozeano Barean isurtzen duten ibaiak laburrak eta ur emari txikikoak dira. Hego-ekialdeko ibai txiki batzuek itsasora ez baina Titikaka aintzirara isurtzen dute ura. Titikaka aintzirak 8.288 km2 ditu, eta 3.810 m-ko garaieran dago Peruren eta Boliviaren arteko mugan. Peruko ibai nagusiak, ordea, Amazonas ibai arroari dagozkio: Marañon, Ucayali, Huallaga, Santiago, Pastaza eta Napo. Marañon eta Ucayali ibaiek bat egin ondoren, Iquitos portutik ekialdera, Amazonas deritza ibaiari. Amazonas ibai osoan ontziz ibil daiteke. v Klima eta landaredia. Peruko klimak alde handiak ditu lurraldearen alderdi batetik bestera, eta Ande mendien alde banatara erabat desberdina da. Oro har, urteko batez besteko tenperatura 19-22 °C artekoa da kostaldean, 1-14 °C artekoa mendietan eta 24-35 °C artekoa ekialdeko oihanean. Kostaldeko klima eztia eta, gainerako Hego Ameriketako mendebaleko kostan bezala, oso idorra da. Peruko itsaslaster hotzak Peruren latitude berean diren beste toki batzuetakoa baino klima samurragoa eragiten du kostaldean. Oso euri gutxi egiten du urtean zehar (50 mm) baina lainoa izaten da hilabeteetan. Noiz behinka Niño deritzon urlaster beroaren eraginez euri jasa handiak izaten dira. Mendialdean ez da tenperatura gorabehera handirik hilabete batetik bestera baina berealdiko aldaketak izaten dira egunean zehar. Cuscon, esate baterako, urtarrilean 11 °C eta uztailean 8 °C izaten dira batez beste, baina 22 °C-rainoko gorabehera izan daiteke egunean zehar. Euria urrituz doa iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebalera. Euri gehiena abendutik martxora izaten da. 4.500 edo 5.000 m-tik gora elurra da beti. Oihaneko klima bero hezea da. Ia egunero izaten da euria. Iquitos portuan, adibidez, 2.286 mm euri izaten dira urtean. v Kostaldean landare gutxi da: lehorrera egokitutako landare batzuk (kaktusak eta algarroboak) hazten dira eta ibarretan oasiak dira. Mendialdean ugariago dira: lehorrera egokitutako zuhaixkak, kaktusak, piper-arbolak (Schinus molle) eta belar luzeak, ibarretan lertxunak, mendiarteko goi-ordokietan borraiaren familiako landareak, belardiak eta landare aledunak, eta zenbait tokitan eukalituak. Oso landaretza oparoa da oihanak hartzen dituen Ande mendien ekialdean eta Amazonas arroan: goma-arbola, kaoba, kina-arbola, kakaotzea, bainila, curare-arbola… v Biztanleak. Peruko biztanleen ia erdia indiarrak dira. Ketxuak eta aimarak dira indiar talde nagusiak, eta mendialdean bizi dira. Kostaldean mestizoak dira gehienak, indiarren eta espainiarren nahasketaren ondorengoak. Biztanleen % 15 inguru europarren ondorengoak dira. Gizatalde txikiagoen artean, aipagarriak dira beltzak eta mulatoak –afrikar esklaboen ondorengoak–, asiar jatorrikoak –japoniarrak eta txinatarrak–, eta Amazonas aldeko indiar taldeak. Biztanleen hiru laurdenak hirietan bizi dira. Hiriburuaz gainera, Arequipa (industria eta nekazaritza eremua, 726.000 biztanle), El Callao (herrialdeko arrantza portu nagusia, 684.000 biztanle), Trujillo (merkataritzagunea, 627.000 biztanle), Chiclallo (411.500 biztanle) eta Cuzco (inken inperioko hiriburua, herrialdeko historia eta arkeologia hiri nagusia, 257.800 biztanle) dira Peruko hiri nagusiak. Gaztelania –biztanleen % 70en hizkuntza nagusia– Peruko hizkuntza ofizial bakarra izan zen 1975 arte. Egun, aimara eta kitxua ere ofizialak dira, eta Amazonaseko indiar taldeek zeinek bere hizkuntza dute. XXI. mendearen hasieran, Perun alfabetismoa % 90ekoa da (% 95ekoa gizonezkoen artean eta % 83koa emakumezkoen artean). Bizi itxaropena, berriz, 68 urtekoa da (65 urtekoa gizonezkoentzat eta 70 urtekoa emakumezkoentzat). v Ekonomia. Aurrerabidean dagoen herri baten ezaugarriak ditu Peruko ekonomiak, eta nekazaritzan, arrantzan, mea baliabideen ustiapenean eta industrian oinarritzen da. v Peruko lurraldearen egitura eta eraketa direla eta lurren % 3 baino ez da nekazaritzan erabilgarria. Oro har, Perun lantzen diren gaien artean, arroza, azukre kanabera, kafea eta kotoiarenak dira emaitza oparoenak. Peruko lurrik emankorrenak kostaldeko oasiak dira. Baliabide aurreratuekin lantzen dira eta ureztatuak daude gero eta alderdi gehiagotan. Lursail horietan, besteak beste, kotoia, azukre kanabera, arroza, patatak, mahatsondoak eta olibondoak lantzen dira. Emaitzaren parte bat kanpora saltzen da. Mendialdeko lursailak berriz txikiak dira, mailaka antolatuak, indiarrek oso baliabide urriz lantzen eta bizibidea ateratzeko erabiltzen dituztenak. Mendian egiten diren gai nagusiak artoa eta patatak, eta ondoren, mandioka, garagarra, garia, basartoa eta kina-arbola dira. Oihanaldeko alderdi batzuetan XX. mendearen erdialdeaz gero kafea, platanoa, arroza, artoa eta fruitu tropikalak lantzen dira. Bestalde, Perun oso zabalduak daude kina-arbola eta koka. Koka hostoa, indiarrek beretzako erabiltzen dutena kenduta, Kolonbiara eta handik, kokaina bihurtua, Europara eta Ipar Ameriketara saltzen da. Abere hazkuntzak nolabaiteko garrantzia du, Andeetako indiarren artean batez ere: ardiak, behiak, ahuntzak, llamak, alpakak, bikuñak, zaldiak, astoak eta hegaztiak. Alpakaren eta bikuñaren ilea oso aintzat hartua da. Llama zamari gisa erabiltzen da. Arrantzak garrantzi handia du Peruko ekonomian. Urteetan Peruko arrantzaleek harrapatzen zuten arrain nagusia Engraulis ringens antxoa izan da, irin bihurturik, animaliak bazkatzeko erabili izan dena, baina urte txar batzuen ondoren beste arrain mota batzuk harrapatzera eta, bide batez, Peruko biztanleen elikadura aberastera bideratzen ari da gero eta gehiago arrantza. 1991/92 urteetako datuen arabera lehen sektoreak Nazio Produktu Gordinaren (NPG) % 12 eta langileen heren bat hartzen ditu. Peruko baso oihanek lurraldearen erdia baino gehiago hartzen dute, baina ustiapena ez dago guztiz aurreratua: kautxu-arbola, kaoba, ebanoa, zedroa, palisandroa… Zura ibaiez garraitzatzen da Atlantikoraino. Peruk mea baliabide handiak ditu eta meagintzak NPGren % 15 eta langileen % 8 hartzen ditu. Ustiatzen diren mea askoren artean kobrea, zilarra, beruna, zinka eta burdina dira nagusiak. Peru munduko kobre ekoizle handienetako bat da. Petrolio eta gas hobiak ere badira. Halaber, oso baliabide handiak ditu uraren indarraren bidez argindarra sortzeko, baina ibai nagusiak hirietatik urrun izateak garestitzen du argietxeak eraikitzea eta azpiegitura hedatzea. Hala, argietxe asko eraiki dira industriak eta etxeak argiz hornitzeko. Peruko industria aurrerabidean dago baina arazoak ugari dira. Aipagarriak dira, besteak beste, petrolio findegiak, altzairugintza, kimika industria, janari industria, tabakogintza eta zementugintza. Perun lantzen den kotoiaren, eta artilearen zein alpaka-ilearen kalitate onari esker, ehungintzak ere garrantzi handia du. Lantegi gehienak kostaldean daude bilduta. Bestalde, Peruko eskulangintza kalitate handikoa da (urre eta zilargintza, zeramika, ehungintza etab). Industriak NPGren % 16 eta langileen % 14 hartzen ditu. XX. mendearen bukaeran turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Lima, Arequipa eta inken zibilizazioaren aztarnategiak dira turisten jomuga nagusiak. Zerbitzuek NPGren % 57 eta langileen % 48 hartzen dituzte. Peruk merkataritza harreman gehienak Estatu Batuekin, Japoniarekin eta Alemaniarekin ditu, eta ondoren, Hego Ameriketako auzo herriekin. Kobrea, arrain-irina, ehunak, beruna, petrolioa, petroliotik eratorritako gaiak eta kafea saltzen ditu eta lehengaiak, laboreak batez ere, eta kapital ondasunak erosten. v Mendiak direla eta, Peruko garraiobideak urriak eta atzeratuak dira. Horrek ekonomiaren hazkundea oso galarazten du. Burdinbideak mendialdeko mea garraiatzeko egin ziren (2.700 km baino ez ditu hartzen), eta oso mendate garaietatik (Ticlioko mendatea: 4.829 m) igarotzen dira. Ontzi bidezko garraioak garrantzi handia du. Portu nagusiak, itsasoan, Callao eta, ibaian, Iquitos dira. Liman nazioarteko aireportu bat dago. v XX. mendearen bukaeran, Peruko ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza zen oraindik, baina meatzaritzak eta arrantzak aurrerabide handia egina zuten. 80ko hamarraldiaren bukaeran, bortxakeriak, inflazioak, aurrekontuaren defizitak eta lehorteak kinka larrian jarri zuten herrialdearen ekonomia. 1990ean, gobernuak politika ekonomiko gogorra abiatu zuen: prezioen kontrola kendu zuen, oinarrizko kontsumo artikulu askori ere laguntza kendu zien, eta intia (lehengo diru nazionala) aske utzi zuen dolarrarekin diru parekotasun berria bilatzeko. v Peruko biztanle aktiboen % 37 nekazaritzatik bizi dira. Kostaldeko lursail gehienak plantazio komerzialak dira; han lantzen diren gai gehienak esportatu egiten dira. Barne kontsumorako gai gehienak, berriz, mendialdeko eta lautadako sailetan lantzen dira. XX. mendearen bukaeran, azukre kanabera, patata, arroza, artoa, kotoia, kafea eta garia lantzen ziren batez ere. Peru munduko koka ekoizle handiena da; kokaren hostoetatik, fintze prozesu luze baten ondoren, kokaina ateratzen da. Basoak lurraldearen erdia baino gehiago hartzen du, eta beste zuhaitz mota askoren artean, kautxua eta kina arbola ateratzen dira haietatik. XX. mendaren bukaeran, 8,3 milio metro kubiko zur ateratzen zen urtean. v Arrantzaren industriak izugarrizko garrantzia du, eta pisu handia herrialdearen ekonomian. Arrantza Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen indarra hartzen, eta XX. mendearen bukaerarako 5 eta 6 milioi tona arrain inguru harrapatzen ziren urtero. Batez ere antxoa harrapatzen dute, irina egiteko. Peru munduko arrain irinaren ekoizle handiena da. Meatzaritak ere garrantzi handia du bertako ekonomian. Munduko kobre, zilar, berun eta zink ekoizle handienetakoa da Peru. Mea horiez gainera, petrolioa, gas naturala, burdina, molibdenoa, tungstenoa eta urrea ere ateratzen dira. Peruko manufaktura gehienak enpresa txikiak dira, baina XX. mendearen erdialdetik aurrera industria modernoak eraikitzen hasi ziren kostaldean. Peruko industria tradizionalak arropa eta ehungintza, elikagai industria eta eskulangintza izan dira. Industria handien artean, berriz, aipagarriak dira altzairugintza, petrolio findegiak, produktu kimikoak, mea tratatzeko lantegiak, ibilgailuentzako motorrak eta arrain irina egiteko industria. v Gobernua eta gizartea. 1979ko konstituzioaren arabera Peru errepublika da. Lehendakariak du aginpide eragilea, eta ministro batzordearen laguntzaz gobernatzen du. Esku handia du: lege dekretu bidez goberna dezake. Lehendakaria bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Legegintzako aginpidea berriz bi ganberatan banatua dago: 180 diputatu dira batean eta 60 senadore bestean. Administrazioari dagokionez Peru 24 departamentutan eta probintzia konstituzional batean (El Callao) banatua dago. v Peruko egoera eta bizimodua aurrerabidean ari bada ere, herrialdeko alderdi batzuk, mendialdeko herrixkak adibidez, aurrerabide horretatik at geratu dira eta jende asko behartasun larrian bizi da. Hirietan ere, inmigrazioa eta biztanleriaren ugalketa lasterra direla eta, langabe eta behartsu asko da. Nolanahi ere, hirietako erdi mailako klaseen eta langileriaren bilakaera dela eta, gizarte mailen arteko aldea urrituz joan da XX. mendean zehar. Hirietako biztanleriaren parte batek gizarte laguntzaren babesa du. XX. mendean zehar osasun egoerak hobera egin badu ere eritasun kutsakorrak (kolera, tifoidea, tuberkulosia, kukutxeztula, malaria, gripea) eta, haurren artean, elikadura urritasunaren ondoriozkoak dira osasun arazo nagusiak. Perun ez da behar beste mediku ez erietxerik. Etxebizitza gehienetan ez da ez urik, ez argindarrik, ez oinarrizko azpiegiturarik. 1990. urtean Peruko biztanleen bizi itxaropena 61,5 urtekoa zen gizonezkoentzat eta 65,3 urtekoa emakumezkoentzat. Hezkuntza doakoa eta nahitaezkoa da 6-15 urte bitartekoentzat. 1989an 15 urtetik gorako biztanleen % 87 alfabetatua zegoen. Goi mailako ikasketak merkataritza, industria eta nekazaritza gaietara bideratuak daude gehienbat. Ikastetxe asko elizarenak dira. Limako San Markos Unibertsitate Nazionala Hego Ameriketako unibertsitaterik zaharrena da (1551). v Kultura. Peruko kultura antzinako herrien eta espainiarren ekarriez osatua da. Antzinako herriak eraikitzaile bikainak izan ziren. Aipagarriak dira inken eta inken aurreko aztarnategiak: Chanchango hondakinak, Machu Picchuko gotorlekua eta Cuzcoko harlanduzko harresia eta gotorlekua. Geroago, espainiar kolonizatzaileek eliza eta tenplu bikainak eraiki zituzten Peruko hiri nagusietan. Aipagarriak dira, besteak beste, Limako katedrala, San Frantzisko eliza eta komentua, Cuzcoko katedrala, Jesus eta Mariaren eliza eta Jesusen Lagundiaren eliza, eta Arequipako San Inazio eliza. Margolaritzan garrantzi handia izan zuen Cuscoko eskolak XVII. eta XVIII. mendeetan. Espainiako Sevillako eskolaren eragina nabari da Peruko orduko margolaritzan eta eskulturan. Literaturan zenbait idazlek ospe handia izan du: César Vallejo, XX. mendeko poeta nagusietako bat, Ciro Alegría eta José María Arguedas eleberrigileak, indiarren bizimodua islatu dutenak, eta XX. mendearen erdialdetik aurrera, Alfredo Bryce Echenique eta, batez ere, Mario Vargas Llosa. v Historia. Andeetako antzinako kulturen artean (Chavin, Paracas, Mochica, Nazca etab.) inka zibilizazioa nagusitu zen lurraldean. XII. mende inguruan sortu zen eta XV. mendearen erdialdetik aurrera izan zituen urterik oparoenak, eta Hego Ameriketako inperio ahaltsuena eta handiena izatera iritsi zen espainiarrak heldu aurreko urteetan. Gaur egungo Peru, Ekuador, Bolivia eta Argentinako eta Txileko iparraldea hartzen zituen. Ozeano Barea aurkitu ondoren espainiar esploratzaileek Hego Ameriketako kostaldea aztertu zuten eta Peruko inperio handiaren berri izan zuten. 1531n Francisco Pizarro lurraldea konkistatzera abiatu zen 180 soldaduren buru. Espainiarrek Atahualpa inken erregea atxilotu eta, hark bahisaritzat gela bete urre ordaindu bazuen ere, hil zuten (1533). Urte horretan bertan Lima hiria sortu zuten espainiarrek, itsasora aterabidea izateko. Konkistak aldaketa handiak eragin zituen: lurraren eta ondasunen banaketa zela eta, gerra piztu zen konkistatzaileen artean, gerrek eta eritasunek biztanleria urritu zuten, indiarrak lan gogorretara behartuak izan ziren, bertako kulturaren eta erlijioaren ordez espainiarrena ezarri zen, biztanleriaren banaketa aldatu zen administrazioa mendietatik (Cuzcotik) kostaldera (Limara) aldatzearekin batera… 1543an Espainiako Karlos I.a erregeak Peruko erregeorderria sortu zuen konkistatzaileen arteko guduak amaitzeko eta koroaren aginpidea Hego Ameriketan sendotzeko. Erregeorderriak ia Hego Amerika osoa hartzen zuen. Erregeordeen lehen egitekoa konkistatzaileen matxinadak menderatzea izan zen. Francisco de Toledoren gobernupean (1569-1581) lurraldearen barne-antolamendua egituratu eta ekonomiaren hazkundea, zilarraren ustiapenean oinarritua, bideratu zen. Lima erregeorderriaren hiriburu eta, bi mendez, Hego Ameriketako merkataritzagune nagusi bilakatu zen. Erregeorderriak XVII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina nolanahi ere, arazo askori aurre egin behar izan zien: itsaslapurren erasoei, espainiarren arteko gerrei, indiarren matxinadei, administrazio eta erlijio arazoei, kontrabandoari eta izurriteen eta lurrikaren ondorio larriei, besteak beste. XVIII. mendean ordea garrantzia galdu zuen Peruko erregeorderriak, ekonomiaren hazkundea moteldu egin baitzen erregeorderriaren zatiketagatik, zilar ekoizpenaren beherakadagatik eta biztanleriaren urritzeagatik neurri handi batean. Mende horretan zehar Peruko erregeorderria hirutan zatitu zen: Granada Berria (1717), Rio de Plata (1776) eta Txile (1778). Bestalde, kolonia erregimenarekiko morrontzak —Hego Ameriketako korrejidoreen eskuetan zegoen merkataritzaren monopolioak, zerga igoerak eta— Tupac Amaru indiarraren matxinada eragin zuen (1780-81). Kreole aristokraten artean ere burujabe izateko asmoa gero eta sendoagoa zen. Hala ere, XIX. mendearen hasierako askapen higikundeak sortu zirenean Espainiako koroak Hego Ameriketan izan zuen azken babesgune bihurtu zen Peru. 1821ean José de San Martín argentinar jeneralak Peruren burujabetasuna aldarrikatu zuen Liman, Simón Bolivar Askatzaileak Junin-eko eta Ayacucho-ko guduetan (1824-25) De La Serna erregeordearen osteak menderatu zituenean gauzatu zena. v Independentziaren ondoren militarrak elkarren lehian aritu ziren aginpidea lortu nahian, eta lehendakariaren ahalmena murrizten zuten konstituzio liberalak (1828 eta 1834) onartu ziren arren, Peruko gobernua oligarkia baten eskuetan geratu zen urte askotan. 1837an Andrés Santa Cruz jenerala Peru eta Bolivia konfederazio batean biltzen ahalegidu zen, baina Argentinak eta Txilek ez zuten batasun hura begi onez ikusten, eta Txileko gudarosteak zapuztu zuen ahalegina Yungay-ko guduan (1839). Ramón Castilla mariskala aginpidean izan zen urteetan (1845-51 eta 1855-62) bake giroa nagusitu eta aurrerapenak izan ziren herrialdean, 1841ean aurkitu zen guanoaren ustiapenaren irabaziei esker batez ere. Urte horietan, besteak beste, esklabotasuna debekatu zen, kostaldeko nekazaritzan berrikuntzak egin ziren, eta burdinbidea eta telegrafoa hedatu ziren. Espainia bere aginpidea ezartzen ahalegindu zen 1864an, baina Peruk, Ekuadorrek, Boliviak eta Txilek elkar harturik aurre egin zioten. 1869an Espainiak Peruren burujabetasuna onartu zuen. 1879an, Atacama-ko basamortuko gesal hobien jabegoa zela eta, Peruren eta Txileren arteko gerra piztu zen. Gerra 1883an amaitu zen, eta Peruk hegoaldeko Tarapaca probintzia galdu zuen. Gerra ostean ekonomiak, guanoaren urritzeagatik eta gesal hobien galeragatik batez ere, hondoa jo zuen. Peruko burgesia aginpidea berreskuratzen ahalegindu zen. 1895ean Nicolás de Piérolak lortu zuen lehendakaritza, eta hurrengo 24 urteetan zibilak izan ziren agintari. Urte baketsuak izan ziren, ekonomiaren hazkundearekin batera aurrerapenak ekarri zituztenak. Haren agintaldian sortu ziren Peruko lehen industriak. 1902tik aurrera Estatu Batuetako Cerro de Pasco Investmen Company konpainiak bere gain hartu zuen meen ustiapena. Augusto Leguía lehendakari izan zen urteetan (1908-12 eta 1919-30) aginpide handia eskuratu zuen, erdi mailako klaseetara eta sortu berria zen langileriara hurbiltzen ahalegindu zen, eta berrikuntza asko eragin zituen. Ordea, Peruko ekonomia (tabakoa, petrolioa, burdinbideak, posta…) Estatu Batuetako enpresen mende zegoen. Leguíak langileen eta ikasleen matxinadei aurre egin behar izan zien. 1924an Víctor Raúl Haya de la Torre ezkertiarrak, Mexikon erbesteraturik zela, Ameriketako Herri Aliantza Iraultzailea alderdia (APRA) sortu zuen, Estatu Batuen nagusitasunaren eta oligarkiaren aurka zegoena. 1929an militarrek Leguía aginpidetik kendu eta Sánchez Cerro teniente koronela ezarri zuten haren ordez. Sánchez Cerrok gogor zapaldu zuen burgesia txikiaren eta langileen artean gero eta jarraitzaile gehiago zituen APRA alderdiaren matxinada bat 1932an. 1933an hil zuten Sánchez Cerro, eta Benavides jeneralarekin oligarkiak iraun zuen aginpidean (1933-39). 1945ean APRAk eta Peruko Alderdi Komunistak bat egin zuten eta beren lehendakarigaia, Bustamante Rivero, atera zen garaile hauteskundeetan. Militarrek ordea Bustamante APRA legez kanpo uztera behartu zuten, eta 1948an Manuel Odría jeneral eskuindarra ezarri zuten aginpidean haren ordez. Odríaren lehendakaritzapean (1948-56) oinarrizko eskubideak indargabetu ziren, eta APRAko kideak esetsiak izan ziren. Bien bitartean, mendialdeko nekazariak politikan parte hartzen hastearekin batera matxinadak ere ugaritu ziren. 1962an APRA alderdiko Haya de la Torre atera zen garaile baina militarrek hauteskundeak baliogabetu eta nekazarien matxinadak gogor zapaldu zituzten. Hurrengo urtean Fernando Belaúnde Terry kontserbadorea, Acción Polular alderdiko sortzailea atera zen garaile. Nekazaritzaren erreforma txiki bat bideratu zuen baina indiar nekazariak, lurra ala hil lemapean, matxinatu ziren eta zapalduak izan ziren berriro. 1965ean MIR ezkerreko higikunde iraultzaileak, Castro eta Guevararen jarraitzaileak, borroka armatua hasi zuen; Peruko gudarosteak erraz menderatu zuen. v 1968an Juan Velasco Alvarado jeneral ezkertiarrak aginpidetik kendu zuen Belaúnde, eta politika nazionalista eta erreformatzailea bideratu zuen: nekazaritzaren erreforma bizkortu zuen, banketxeak, arrantza, eta kobrearen eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu zituen, Estatu Batuen parte hartzea murriztu eta SESB eta Kubarekiko harremanak sendotu zituen. 1970eko maiatzaren 31n lurrikara batek suntsitu zuen Lima; 50.000 pertsonatik gora hil ziren. 1972an Peruko itsaslasterraren aldaketa batek arrantzaren hondamendia eragin zuen. Halaber, militarren esku handiaren beldur inbertsioak gutxitu ziren eta ekonomiak hondoa jo zuen. 1975ean Francisco Morales Bermúdez-ek indarrez hartu zuen aginpidea eta aurreko lehendakariaren neurri asko aldarazi zituen: Estatu Batuekiko harremanetara jo eta atzera pribatizatu zituen enpresak. v 1979an konstituzio berri bat onartu zen. 1980ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Belaúnde Terry atera zen garaile, eta urte askoren ondoren militarren mendean egon ondoren, zibilek eskuratu zuten berriro aginpidea. Lehendakari berriak liberalismo ekonomikora jo zuen atzera baina ezin izan zuen ekonomia hondamenditik atera. Urte horretan bertan Sendero Luminoso higikunde maoista sortu zen; borroka armatua hasi zuena. Gobernuak eszepzio egoera ezarri zuen Liman eta Callaon, eta militarren zainpean jarri zituen Ayacucho eta mendialdeko beste probintzia batzuk. Oinarrizko giza eskubideak ez ziren errespetatu, eta biztanleek, bizirik iraun nahi bazuten, Sendero Luminosoren ala gudarostearen alde egin beharra zuten. 1981ean berriro azaleratu ziren Peruren eta Ekuadorren arteko muga arazoak. v 1985ean APRA alderdiak irabazi zituen lehendabiziko aldiz hauteskundeak eta Alan García Pérez izendatu zuten lehendakari. Lehendakari berriaren lehentasunak gerria eta krisi ekonomikoa desagertaraztea izan ziren. Bake batzorde bat antolatu zen, baina 1986an Peruko gudarosteak Sendero Luminosoko presoen matxinada batzuetan eragin zuen sarraskiaren ondoren desegin zen batzordea. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrietako bat banketxeak nazionalizatzea izan zen (1987). 1990ko hauteskundeetan Mario Vargas Llosa idazlea aurkeztu zen eskuineko alderdietako koalizio baten buru, baina Alberto Fujimoriren Cambio-90 alderdia atera zen garaile. 1992an Fujimorik, gudarostearen laguntzarekin, estatu kolpe bat eragin zuen, munduko herrialde gehienek arbuiatu zutena. Fujimorik Legebiltzarra eta Epai aginpidea deuseztatu eta esku handia bereganatu zuen. Urte horretan bertan Sendero Luminoso higikundeko buruzagia, Abimael Guzmán, atxilo hartu zuten. Azaroan, Biltzar Konstituziogilea hautatzeko hauteskundeetan, alderdi tradizionalen parte hartzerik gabe, Fujimoriren alderdiak gehiengo absolutua lortu zuen. Ekonomia % 6,5 hazi zen, arrantzari, eraikuntzari, manufakturei eta ekonomia informalari esker. 1995ean Kolonbiak, Venezuelak, Peruk eta Boliviak Andeetako merkatu komuna sortzea aurreikusita zegoen, baina Peruk muga zergak kentzeko jartzen zituen trabak eragozgarri gertatu ziren. 1995eko hasieran, Peruk eta Ekuadorrek gerra egin zuten mugaldean, Condor Mendilerroan. Bake hitzarmena Rioko Protokoloan zehaztu zen, Argentina, Brasil, Txile eta Estatu Batuen bermearekin. Apirileko hauteskundeetan, Fujimori atera zen berriro garaile, aiseago oraindik. Javier Pérez de Cuéllar-ek, Nazio Batuetako idazkari ohiak, ez zituen bigarren itzulirako behar ziren adina boto eskuratu. Urte horretan, Fujimorik amnistia eman zuen, gerrillaren aurka borrokan, giza eskubideak urratzeagatik espetxeratuta zeuden militar eta polizientzat. “Aurpegirik gabeko epaileek”, epaiketan anonimotasuna gorde zutelako hala deituak, 2.000 pertsona baino gehiago kondenatu zituzten 1992 eta 1995 bitartean. 1996ko abenduan, Liman, Tupac Amaru gerrillako talde batek Japoniako enbaxada hartu zuen, enbaxadak egindako harrera festa bateko 450 gonbidatuak barruan zeudela. Ekintzak izugarrizko oihartzuna izan zuen mundu osoan. Negoziazioen bidez, gerrillak zenbait bahitu talde askatu zituen egunak igaro ahala. 1997ko apirileko 22an, bahiketa gertatu zenetik 126 egunetara, gudarosteko komando batek enbaxada askatzea lortu zuen. Ekintzan Tupac Amaruko 14 kideak, geratzen ziren 72 bahituetatik bat eta soldadu bi hil ziren. Inkesten arabera, perutarren % 65ek ontzat hartu zuten militarren esku hartzea. 1997ko maiatzean, kargutik kendu zituzten Auzitegi Konstituzionaleko kideak, Peruko konstituzioak Fujimori berriro hautatzea debekatzen zuela adierazteagatik. 2000. urtean Fujimori hautatu zuten berriro ere lehendakari, baina urte horretan bertan uko egin behar izan zion lehendakaritzari, Montesinos (Inteligentziako Zerbitzuko buru) korrupzio sare bateko buru zela egiaztatu zenean. Kongresuak Valentín Paniagua hautatu zuen behin behineko lehendakari eta hark hauteskundeak deitu zituen 2001. urtean. Alejandro Toledo Manrique irten zen garaile eta Fujimori estraditatzeko nazioarteko kanpaina bat jarri zuen abian. Toledok indartu egin zuen ordu arteko eredu ekonomikoa, eta hazkunde makroekonomikoa nabarmena izan bazen ere eta ekonomia suspertzea lortu bazuen ere, alde sozialek ez zuten onera egin. 2006ko hauteskundeetan Alan García Pérez iritsi zen agintera, eta kanpainan gogor kritikatu bazuen ere Toledoren gobernua, berak jarraitu egin zuen haren politika ekonomikoarekin. 2007an, erdialdera, poliziari egindako hainbat erasok nabarmen utzi zuten Sendero Luminoso berriro ere armatzen ari zela.
http://www.peru.gob.pe/