Pentateuko
(Gr. Pentateuchos; “bost liburutako obra”). Bibliako lehen bost liburuen multzoa, hebreeraz Torah edo “Legea”. Hauek dira: Genesia, Exodoa, Lebitarra, Zenbakiak, Deutoronomioa. Tradizioaren arabera, Moisesek idatzitako liburuak dira eta Jainkoak Sinai mendian egindako errebelazioa biltzen dute. Juduek, Erromako Eliza Katolikoak, Eliza Ortodoxoak eta Protestanteek Bibliaren aurreneko muintzat dute eta denon kanonetan dute lekua. Liburuon gaia hebrear herriaren historia da, hasiera mitikoetatik (munduaren sorrera, paradisua, uholdea) Moisesen heriotzaraino. Adituek hiru idaztaldi nagusi bereizten dituzte: jainkoa Jahve izendatzen duena (K.a. IX. mendea); jainkoa Elohim izendatzen duena (K.a. VIII. mendea) eta kronikariarena, apaizen arautegia barne (K.a. IV. mendea).