Penn, William
Ingeles buruzagi kuakeroa (Londres, 1644 - Field Ruscombe, Londrestik gertu, 1718). 1666an sartu zen kuakeroen sektan. Kartzelan sartu zuten Londresen (1666) bere predikuengatik, eta No Cross, No Crown (1669) obra idatzi zuen. Kartzelatik atera ondoren, Holandara eta Alemaniara joan zen, eta beste sekta batzuekin harremanetan jarri zen. Ingalaterrara itzulirik, Estatu Batuetako lurralde bat eman zion Karlos II.ak (1681). Pennsylvania izena eman zion Pennek lurralde horri eta hara eraman zituen bere erlijiokideak; Filadelfiako hiria sortu zuen han (1682). Estatu demokratiko eta liberal bateko legeak eta konstituzioa ezarri zituen Pennek Pennsylvanian (Frames of Government, 1682-1701). Ingalaterrara itzuli ondoren (1684), barkamen agiria lortu zuen (1687) Jakobo II.arengandik, eta era horretan nolabaiteko askatasuna lortu zen erlijioaren inguruan. Estuardotarrek aginpidea galdu zutenean, berriz ere esetsi zituzten kuakeroak, eta bere kolonia kendu zioten Penni 1694. urtea arte.