Penrose, Roger
Britainiar fisiko matematikoa (Colchester, Essex, 1931). Londresko eta Cambridgeko Unibertsitateetan egin zituen ikasketak, eta 1973an Oxfordeko matematikako katedradun izendatu zuten. Hainbat alorretako ikerketak egin ditu, adibidez geometriari, erlatibitateari, sare ez periodikoei, quantumen mekanikaren oinarriei eta ezagutzaren teoriari buruzkoak. Gaur egun erlatibitatearen teoria ezaugarritzen duten teknika berezi asko proposatu zituen. Stephen Hawkingek aurkituriko teorema sail bati jarraituz, frogatu zuen erlatibitatearen teoriaren arabera, singularitateak izar solidoen artean grabitate kolapso bat gertatzen denean sortzen direla, eta big-bang leherketa era horretako gertaera bat izan zela. Singularitatea materia dentsitatea eta espazioaren makurdura infinitoak diren gune bat da, eta ez du esanahirik fisika teorikoaren ikuspegitik. Bestalde, Penrosek kritikatu egin zuen giza pentsamendua ordenagailu bat bezalakoa dela dioen ideia. Izan ere, ordenagailu batek algoritmoak bakarrik ebatz ditzake, kalkulu sistematikoko prozedurak. Baina frogagarria da problema matematiko batzuk ezin direla algoritmoen bidez ebatzi. Hortaz, Penrosek dio garunak, epai matematikoak osatzean, ez duela algoritmoen arabera jokatzen, edo bestela esanda, "ez-algoritmikoa" dela. Eta horrela gertatzen denez matematika problemekiko ez ezik baita gainerako ezagutzetarako, garuna ez da ordenagailu baten moduko organoa. Bere ustez giza ezagutza azaltzeko fisika ez algoritmikoa behar da, oraindik aurkitu ez den fisika mota bat alegia. Bere argitalpenen artean, aipagarriak dira Enperadorearen adimen berria (1989) eta Adimenaren itzalak (1994), eztabaida ugari sortu dutenak.