Penn, Irving
Estatubatuar argazkilaria (Plainfield, New Jersey, 1917). Diseinu ikasketak egin zituen Filadelfiako Museoaren Arte Industrialen Eskolan, Alexey Brodovitxekin; Brodovitxekin lan egin zuen, hain zuzen ere, Harper’s Bazaar aldizkarian eta New Yorkeko 5. hiribideko Saks biltegietan. Lan haiek egin ondoren Penn Mexikora bidaiatu zen; urtebete eman zuen han, margolaritzan lanean, eta harrezkero, margolaritzak eragin handia izan du bere argazkilaritzan. Alexander Libermanek laguntzaile hartu zuen Vogue aldizkarirako, eta han hasi zen argazkilari gisa lanean 1943an, azalak diseinatzen. Bigarren Mundu Gerra amaitu zelarik, Voguera itzuli zen eta erretratuak, moda argazkiak eta izadi hilak egiten nabarmendu zen. Bere erreportajeetan bereziki azpimarratzekoak izan ziren 1950eko nazioarteko modari buruzkoak, modeloen eta jantzien ikerketak inongo artifialtasunik gabe, naturaltasun osoz eskaini zituzten lanak. Izan ere, azpimarratzekoa da Pennek bere lanetan egindako izakiaren ikerketa bitxia, modeloaren izaeraren ikerketa, halako eran non bere zenbait lan publizitaterako argazki baino gehiago baitira erretratu, eta ematen baitu bere modeloen arimari ateratzen diola argazkia. “Clinique” kosmetikoetarako egindako lan gogoangarrietan ez modeloa, baina produktua bere horretan, bestelako apaingarririk gabe islatzen asmatu du. Arreta berezia eskaini dio argiari eta osagaien arteko harmoniari. Bestelako obretan aipagarriak ditu, orobat, munduko urrutiko lurraldeetako biztanleen ikerketa etnografikoak, biluziak eta koloretako loreez egindako sailak.