Parker, Horatio William
Estatu Batuetako musikagilea, zuzendaria eta irakaslea (Auburndale, Massachusetts, 1863 - Cedarhurst, New York, 1919). Bostonen egin zituen musika ikasketak, eta geroago Munichen jarraitu zituen, J.G. Rheiberger-ekin. New Yorkera itzuli zenean, kontserbatorioko irakaslea izan zen, Dvorak zuzendaria izan zen garaian. 1894. urtean Yale unibertsitateko irakasle izendatu zuten, eta hango koruko zuzendaria izan zen. New Haven orkestra sinfonikoaren sortzailea izan zen. Parker-en lan nagusiak korurako idatziak dira: Hora novissima (1893) oratorioa; Hymnos Andron oda, eta The Dream of Mary (Mariaren ametsa) erlijiozko alegia. Bi opera ere idatzi zituen, Mona (1912) eta The Fairyland (1915), eta organorako musika, pianorako lanak, kamerako musika, orkestrarako musika, eta liburu bat, Music and Public Entertainment (1911).