Parker, Charlie
(«Bird» edo «Yardbird» deitua). Estatu Batuetako saxofoi-jotzaile, musikagile eta banda zuzendaria (Kansas City, 1920 - New York, 1955). Jazzaren historiako inprobisatzaile handiena eta bebop izenaz ezagutzen den jazz joeraren sortzailea. D. Gillespierekin batera grabatu zituen bebop joeraren lehen disko adierazgarriak. J. McShan-en eta E. Hines-en orkestretan jo zuen. Buster Smith-en eta Lester Young-en eragina izan zuen, baita afro-amerikar herri musikarena eta XX. mendeko kontzertu musikarena ere. Parker-en ondoren etorri diren jazz musikari berritzaile guztiek eredutzat hartu izan dute. Sonny Rollins, John Coltrane eta Ornette Coleman saxofoi-jotzaileek Parker-en eragina dute, eta jazz gitarra eta piano-jotzaileek ere haren eragina aitortzen dute; Miles Davisek ere, Parker aipatzen du bere lanaren oinarri nagusitzat. Doinu aipagarriak ditu, besteak beste: Confirmation; Donna Lee; Billie´s Bounce, Scrapple from the Apple; Now’s the Time.