Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paraiba

edo Parahiba. Brasilgo ipar-ekialdeko estatua. Mugak: iparraldean Rio Grande do Norte; hegoaldean Pernanbuco; ekialdean Ozeano Atlantikoa; mendebalean Cearako estatua. 56.372 km2 eta 3.247.600 biztanle (1991). Hiriburua: João Pessoa. Paraiba do Norte eta Piranhas ibaiak dira aipagarrienak. Paraibako klima tropikala da barnealdean eta hezea kostaldeko zabaldian. Nekazaritza (kotoia, azukre kanabera, kafea, tabakoa) eta abere hazkuntza (behi azienda eta ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Wolframio, eztainu eta bismuto hobi garrantzitsuak.  v Historia. Parahiba tupi indiarren hitza da, «ibai besoa» esan nahi duena. XVI. mendean, bertan antolatu zituzten portugaldarrek azukre kanaberako munduko lehen sail handiak. 1585ean sortu zuten Itamara-ko kapitain-herria, eta Afrikatik ekarritako esklaboez baliatu ziren azukre ustiakuntzarako. XVIII. mendean hasi ziren portugaldarrak kotoia ekoizten eta kotoia izan da ekoizpen gai nagusia XIX. mendetik aurrera. Estatuko hiriburuak Paraiba izena izan zuen, 1930ean hil zuten politiko erreformazale baten omenez João Pessoa deitu zen arte.