paleoantropologia
iz. Gizonaren eta bere arbasoen fosilak aztertzen dituen jakintza. Giza fosilak aztertuz eta sailkatuz, gaurko gizonaren genealogia arbola osatzea da paleoantropologiaren eginkizuna; hau da, zein izan ziren gizonaren arbasoak ezagutzea eta bilakaeran zehar gizona zein adarretatik sortu den zehaztea. v Gizonaren genealogia arbola paleaontropologia ikerketen harira. Gizona, izaki bizi guztiek bezala, beste animalia batzuen bilakaeraren ondorioz sortua da. Paleoantropologia ikerketen arabera, orain dela 70-65 milioi urte inguru bizi ziren primateak dira gizonaren arbaso urrunekoenak. Hala, primateek gizonaren genealogia arbolako enborra eratzen dutela esan daiteke; enbor hartatik hainbat adar eta adaxka sortu ziren bilakaeran zehar eta adar haietako kimu batetik sortu zen gizona. Antzinako primate haiek ugaztun txiki bizkorrak ziren eta gizonaren hainbat ezaugarri zituzten; adibidez, bost behatz malgu zituzten oinetan eta eskuetan, erpurua behatz erakuslearekin elkar zezaketen gauzei heltzeko eta bi begiak aurrera begira zituzten. Paleozenoan eta Eozenoaren hasieran (orain dela 70-60 milioi urte inguru) dinosauroak desagertu ziren eta baso sail handiak zeuden Afrikan, Europan, eta Ipar Ameriketan. Egoera hartan lehen primateek (prosimio deituak), zuhaitzetan bizitzeko moldaera egokiak zituztenez, ingurune aproposa izan zuten ugaltzeko. Oligozenoaren hasiera aldian (orain dela 36 milioi urte) Lurreko klima hoztu eta basoak desagertuz joan ziren. Aldi berean, lehen primate haietatik beste adar batzuk sortu ziren (adapiformeak, lemuriformeak, tartsiformeak eta aplorrinoak, besteak beste); lehen tximino haiek moldaera berrien jabe ziren; adibidez, bi begiak aurrealdean zituzten eta horri esker zehaztasun handiz kalkula zitzaketen distantziak, eskuek eta begiek koordinazio handia zuten garunaren bidez eta burezurra ere handiagoa zuten. Bilakaeran zehar adar berriak etengabe sortuz joan ziren (antropoideoak, platirrinoak, katarrinoak) eta haietako batetik hominoideoak sortu ziren orain dela 15-15 milioi urte inguru (Miozeno aldian). Hominoideoen barnean bi adar nagusi sortu ziren: antropomorfoak eta hominidoak. Ez da zehatz ezagutzen noiz bereizi ziren antropomorfoen adarra (txinpantzea eta gorila hartzen dituen familia) eta hominidoena (gizonaren familia). Zenbait adituk fosil batzuk (Proconsul-arenak edo Ramapithecus-arenak) tximino antropomorfoen eta gizonaren arbasotzat hartzen dituzte. Dena dela, orain dela 3,5 milioi urte inguru hominido familiako tximino batzuk (Australopithecus-ak) zuhaitzetatik jaitsi eta Afrikako zelai zabaletan bizitzeko gai izan ziren; haietatik “Homo” familiako gizonak (Homo habilis eta Homo erectus) sortu ziren; haien ondorengoa da gaur egungo gizona (Homo sapiens sapiens). ik. gizontze.
- palea
- Palemon
- Palentzia
- Palentzia
- Palenque
- paleoantropologia
- paleoantropologo
- paleobotanika
- Paleogeno
- paleogeografia
- paleografia