Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Palentzia

Espainiako erdialdeko hiria, izen bereko probintziako hiriburua, Carrion ibaiaren ertzean. 74.935 biztanle (1986). Apezpiku egoitza. Merkataritza eta industria (ehungintza, janari industria, kimika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira , besteak beste, 1321-1516 bitartean eraikitako katedrala (Juan de Flandesen erretaula nagusia, 1509; Jan Joest de Haarlem-en Ama Errukitakoa triptikoa, 1505; Grecoren San Sebastian, 1580; Pedro Berrugueteren diptiko bat eta Mateo Cerezoren Santa Katalinaren ezkontza mistikoak), San Miguel eliza (XII-XIII mendeak), San Pablo monasterioko eliza gotikoa (XVI-XVII mendeak) eta Santa Clara eliza gotikoa (XIV-XV mendeak).  v Historia. Erromatar hiria izan zen (Pallantia). Apezpiku egoitza izan zen IV. mendetik aurrera. Musulmanek suntsitu ondoren, basamortu bihurtua geratu zen Palentziako lurraldea, baso guztiak bota baitzituzten haiek. Nafarroako Antso Nagusiak hiria berriro eraiki zuen (1032), apezpiku egoitza berritu zuen eta eskubide batzuk eman zizkion (1035-II-17). Alfontso VIII.ak Espainiako lehenengo unibertsitatea sortu zuen han (1208), 1262. urtean Salamancara eraman zena.