Palentzia
Espainiako erdialdeko probintzia (Gaztela-Leon). 8.029 km2 eta 189.970 biztanle (1986). Mugak: Santander iparraldean, Burgos ekialdean, Valladolid hegoaldean eta Valladolid eta Leon mendebalean. Hiriburua, Palentzia. Hiri nagusiak: Guardo, Baños de Cerrato, Aguilar de Campoo eta Barruelo de Santullan. Hiru lurralde daude iparraldetik hegoaldera: La Montaña, El Paramo eta Tierra de Campos. Iparraldean Kantauriko mendiak daude (Peña Prieta, 2536 m; Curavacas mendikatea, 2520 m; Espigüete, 2450 m; Peña Labra, 2018 m). El Paramo hedatzen da La Montañaren oinean, goi-ordokiek osatua, eta El Paramoren oinean Tierra da Campos dago. Cerrato haranek osatzen duten eskualdea dago hego-ekialdean, Pisuerga eta Esgueva ibaien artean. La Montañako klima oso euritsua da eta negua oso gogorra izaten da. Negua luzea eta gogorra da El Paramon, eta uda epela. Tierra de Camposko klima lehorragoa eta epelagoa da. Nekazaritza (laboreak, erremolatxa eta patata) eta abeltzaintza (behi-azienda eta ardi-azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Burdina, zink eta antimonio meategiak.