Palacios, Antonia
Venezuelar idazlea (Caracas, 1910 - 2001). Venezuelako idazle belaunaldi distiratsuenetako bateko kidea. Bere obra narratiboak literaturaren gailurrera jaso zuen gaztelaniazko prosa poetikoa. Bere lehenengo eleberriak –Ana Isabel, una niña decente (1949, Ana Isabel, neska zintzoa)– irauli egin zuen emakumeak Venezuelan egiten ari ziren literatura. Ordu arteko eleberrietan kezka sozialak ziren nagusi, baina Ana Isabelen historiak, prosa poetiko oso landuaz, ikuspegi berri bat eskaintzen zuen, hizkuntzaren estetika liburuko protagonistaren oroitzapen zoriontsuekin eta horien gertaleku idilikoarekin uztartuz. Liburuak harrera ezin hobea izan bazuen ere, idazleak ez zuen beste libururik argitaratu 1964 arte. Urte hartan ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Los insulares (Uhartekoak), eta kontakizun liburu bat: Crónica de las horas (1964, Orduen kronika). 1973an poesia liburu bat argitaratu zuen: Textos del desalojo.