Paladino, Mimmo
Italiar pintorea (Paduli, 1948). Arte ikasketak egin zituen Beneventoko Arte Lizeoan. Argazkilaritza ere landu zuen, baina marrazkilari trebea izanik, figuraziora jo zuen azkenik. 1970eko hamarraldian pintura monokromatikoa egin zuen. 1980an, Veneziako erakusketan, Achile Bonito Oliva kritikariak pintura higikunde berri baten sorrera iragarri zuen: Italiar transabangoardia, Chia, Clemente, Cuchi eta Paladino barne hartzen zituena. Paladinok hizkuntza eklektikoa erabili zuen, iturri askotatik edan baitzuen, hasi Klee eta Kandinskiren lanetatik, egiptoar, erromatar eta paleokristau arteraino. Bere margolanetan irudi alegoriko ugari azaltzen da: burezurrak, eskeletoak, maskarak eta animaliak. 1980tik aurrera nazioarteko talde erakusketa askotan parte hartu zuen. 1983tik aurrera eskulturak eransten hasi zen bere mihisetan, batez ere buru estilizatuak eta animalien burezurrak. 1992an bakarkako erakusketa egin zuen Sao Pauloko museoan.