oxigeno
iz. Gai bakuna, kolore eta usainik gabeko gasa, eguratseko airearen bostena, gutxi gorabehera, osatzen duena, izaki bizi gehienentzat nahitaezkoa (O; at.-z. 8; at.-m. 15,9994). v Oxigenoaren balentzia 2 da, eta bi atomoz osatua du molekula (O2). Azken hau -183 °C-tan isurkari bihurtzen da, eta -218 °C-tan solidotu egiten da. Presiopean isurkari bihur daiteke. Oxigeno isurkaria urdina da. Berez erretzen ez bada ere, oxigenoa da errekuntzak mantentzen dituen eragile nagusia; oxigeno gabe ez legoke errekuntzarik. Oxigenoa Priestley ingeles kimikariak aurkitu zuen 1774an. 1775az geroztik Lavoisier-ek oxigenoaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen, airean eta uretan zegoela aurkitu zuen, eta errekuntzarako eta arnasketarako oxigenoak duen garrantzia azpimarratu zuen. Azidoak eratzeko ezinbestekoa zela uste zuelako oxigeno deitu zion. Oxigenoa oso elektronegatiboa da, ia gai bakun guztiekin erreakzionatzen du, eta erreakzio horri errekuntza deitzen zaio; geldia edo oso bizia izan daiteke. Gai ez metaliko guztiek, halogenoak eta nitrogenoa izan ezik, oxigenoarekin su har dezakete. Gai metalikoek ere, urreak eta platinoak izan ezik, oxigenoarekin su har dezakete, metal alkalino eta alkalinolurtarrak, eta magnesioak, aluminioak eta burdinak batik bat. Oxigenoak, sarritan, protoxidoak eratzen ditu konbinazioetan; esate baterako, sufre dioxidoa (SO2), katalisi bidez sufre trioxido (SO3) bihurtzen dena; oxido nitrikoa (NO), hotzean nitrogeno dioxido (NO2) bihurtzen dena; karbono oxidoa (CO) karbono dioxidoa (CO2) eratuz erretzen dena, eta abar. Erregaietatik sortutakoak ere erregaiak izaten dira, batik bat, hidrogenoaren eta karbonoaren arteko konbinazioak, hots, gai organikoak, hidrokarburoak, alkoholak, karbohidratoak eta abar. Oxigenoa da Lurrean dagoen gairik ugariena. Atmosferan aske aurkitzen da, eta uraren zatirik handiena osatzen du; Lurraren azalean, silikatoetan eta karbonatoetan, eta gai organikoetan, landareetan eta mineraletan ere aurkitzen da. Industrian oxigenoa nitrogenoarekin batera prestatzen da, aire isurkariaren destilazioaren bidez; oxigenoa isurkari bihurtzen denean, nitrogenoa, artean, gas egoeran aurkitzen da. Uretik ere lor daiteke oxigenoa, disoluzio alkalino baten elektrolisiaren bidez; oxigenoa anodoan askatzen da eta hidrogenoa, berriz, katodoan. Oxigenoa gas egoeran dagoenean altzairuzko hodiz garraiatzen da, eta isurkari denean, altzairuzko ontzietan gordetzen. Laborategian oxigenoa lortzeko potasio kloratoa erabiltzen da, berotuz gero oxigenoa askatzen baitu. Uraren elektrolisi bidez ere oxigeno kopuru txikiak lor daitezke. Bizitzako gertakarietan guztizko garrantzia du oxigenoak: materia biziaren zati nagusietako bat izateaz gainera arnasketa eta oxidazio biologikoetan parte hartzen du. Oxigenoa atmosfera artifizialak lortzeko eta medikuntzan erabiltzen da. Burdingintzan, altzairugintzan, labe garaietako airea aberasteko, eta soldagailuetan ere erabiltzen da. Isurkari egoeran indar handiko lehergailuak egiteko balio du, eta keroseno eta hidrogeno isurkari erregaiekin nahastuta konburente gisa erabiltzen da espazio ontzietan.