Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

oxido

iz. Oxigenoa beste gai bakun batekin edo gai organiko batekin elkartzean eratzen den konposatua.  v Orain dela urte gutxi arte oxidoak bi talde nagusitan sailkatzen ziren, oxigenoarekin elkartua zegoen elementua metala izan ala ez. Lehenengoei oxidoak deitzen zitzaien eta bigarrenei anhidridoak. Oxidoek urarekin erreakzionatuz hidroxidoak eratzen dituzte eta anhidridoek, berriz, azidoak. Gaur egun denei oxido izenaz deitzen zaie, eta tasunak zehazteko oxido basikoa (hidroxidoak eratzeko joera baldin badu), oxido azidoa edo oxazidoa (azidoak eratzeko joera baldin badu) edo oxido anfoteroa (tarteko joera baldin badu) deiturak erabiltzen dira. Azkenaldi honetan bada oxidoak sailkatzeko beste modu bat, oxidoa osatzen duten gai bakunen artean egiten diren lotura motak eta sortzen diren egiturak kontuan hartzen dituena. Horrela, hiru oxido mota bereizten dira: kristal erako ioi oxidoak, kristal erako oxido kobalenteak eta oxido kobalente lurrunkorrak. Oxido mota asko da. Oso ezagunak dira, adibidez, ura (hidrogenoaren oxidoa) eta karbono dioxidoa (CO2). Ia gai bakun guztiek, gas nobleak izan ezik, eratzen dituzte oxidoak. Oxido guztiek ez dute egonkortasun bera; metalek eratzen dituzten oxidoak dira egonkorrenak. Hidrokarburo alifatiko batzuek ere oso erraz oxidatzen dira butileno oxidoa, etileno oxidoa eta abar eratuz.