oxidasa
iz. Kim. Molekulako oxigenoaren finkapena sustratuko hidrogenoaren gain katalizatzen duten entzimen multzoa. Oxidasak odolean eta animalien eta landareen ehunetan aurkitu dira, Boletus eta Lactarius generoko onddoetan batez ere. Hiru multzotan sailkatzen dira: 1) Fenoloxidasak; metal bati lotutako proteinez osatuta daude; metala kobrea da ia beti, eta bere zeregina fenolak kinonara oxidatzea da. 2) Zitokromooxidasak; burdinproteinak dira. Arnasketan parte hartzen dute, eta zitokromoaren biroxidazioa bultzatzen. 3) Peroxidasak; burdina dute beren molekulan, eta oxidazio erreakzioak katalizatzen dituzte. Oxidasa guztiek indarra galtzen dute zianuro, azido sulfhidriko eta karbono oxidoen eraginez.