Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

oxidazio

iz. Oxidatzea.  v  Ohiko zentzuan, gai bakun edo osatu bat oxigenoarekin elkartzean gertatzen den erreakzio kimikoa. Hau da, adibidez, metalak herdoiltzen direnean edo materia organikoa erretzen denean gertatzen den erreakzio kimikoa. Gaur egun, ordea, atomo batetik besterako edo molekula batetik besterako elektroi garraioa beharrezkoa duen erreakzio kimiko gisa definitzen da oxidazioa. Elektroiak jasotzen dituen atomoa edo molekula oxidatzailea da, eta galtzen dituena, berriz, erreduktorea. Fe(metala) + Cu++ ® Fe++ + Cu(metala) erreakzioan, adibidez, Cu++ ioia oxidatzailea da, burdinetik (Fe) bi elektroi jasotzen baititu eta kobre metala eratzen. Burdina (Fe), aldiz, erreduktorea da. Oxidazioa eta erredukzioa beti batera doaz, gai bat oxidatzeko beste bat erreduzitu egin behar baita, eta gertatzen den elektroien mugimendua redox erreakzio izenez ezagutzen da. Elektroiak, molekula barruan ere, alda daitezke lekuz, molekulatik kanpora aldendu gabe. Elektroien leku aldatze hori ere oxidaziotzat hartzen da. Beste oxidazio mota batzuk hauek dira: lotura bikoitz bati halogeno bat gehitzea, gai organiko bati hidrogenoak kentzea (deshidrogenazioa), uretan urtuta dauden elektrolitoen disoziazioz gertatzen den elektroi transferentzia, eta abar.  v Oxidazio zenbakia. Kim. Gai bakun batek beste batekin elkartzerakoan pasa diezaiokeen elektroi kopurua. Alderantziz azalduta, elkartua dagoen atomo bat bere oinarrizko elementu egoerara itzultzeko gehitu edo kendu behar zaion elektroi kopurua. Bario kloruroan (BaCl2), adibidez, barioaren oxidazio zenbakia +2 da eta kloroarena -1. Molekulan bi kloro daudenez, karga positiboen eta negatiboen batura zero da, eta BaCl2 molekula neutroa da. Gai bakun batek oxidazio zenbaki bat baino gehiago izan ditzake, atomoak elektroien azken geruzan dituen balentzia elektroien arabera. Hori dela eta lotura estua dago gai bakun baten oxidazio zenbakiaren (irabazi edo galdutako elektroien) eta bere balentziaren (konbinaketa ahalmenaren) artean. || ik. balentzia.  v Oxidazio biologikoa. Biokim. Izakiak bizirik irauteko behar den energia ekoizteko, zeluletan gertatzen diren oxidazio prozesuak. Organismora sartzen diren elikagaiei aldaketa biologiko bat gertatzen zaie, entzima bidezko deshidrogenazioa hain zuzen ere, eta era horretan hidrogeno atomo bikoteak edo elektroiak pasatzen dira oxigenora (arnasketa aerobioaren bidez) edo beste hartzaile batera (arnasketa anaerobioaren bidez).