Ousmane, Sembene
Senegalgo idazle eta zinema zuzendaria (Ziguinchor-Casamance, 1923 - Dakar, 2007). Senegalgo idazle nagusietakoa. Historia eta politika gaiez idatzi zituen eleberriek eta 1960 ingurutik aurrera egin zituen filmek ospe handia eman zioten. 1939an Frantziako gudarostean sartu zen eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren Frantzian geratu zen; han ikasi zuen idazten eta irakurtzen. 1956an argitaratu zuen lehen eleberria, Le Docker noir (Docker beltza), Marseillan igaro zuen garaiko bizikizunetan oinarritua. Eleberriez gainera kontakizun laburrak ere idatzi zituen. Moskuko zinema eskolan ikasketak egin eta filmak egiten hasi zen 1960. urte inguruan. Hasieran frantsesez egin zituen filmak baina 1968tik aurrera wolof hizkuntza hasi zen erabiltzen. Zinemari dagokionez bere lan nagusiak La Noire de, Mandabi, eta batez ere, Ceddo dira; Ceddo filma, Afrikako erlijioei buruzkoa, debekatua izan zen Senegalen. Literatura lan aipagarrienak: O pays, mon beau peuple! (1957), Bouts de bois de Dieu (1960), Le mandat, Xala (1974), Le Dernier de l'Empire (1981) eta Niiwam (1987).