Ouedraogo, Idrissa
Burkinafasoar zinema zuzendaria (1954). Afrikako Zinemagintza Ikaskuntzetarako Institutuan egin zituen ikasketak, eta Parisa joan zen gero, ikasketak sakontzera. Frantzian telebistarako dokumental asko egin zuen hasieran, bere ikuste estilo berezia leuntzeko balio izan ziotenak. Genero eta narrazio forma desberdinak saiatzea atsegin bazaio ere, bere film luzeen gai nagusia bidaia izaten da, hala bidaia fisikoa (herritik hirira, Samba Traore edo Kini & Adams filmetan bezala) nola metaforikoa (afrikarren barne odisea tradizioan eta kulturan zehar, Tilai filmean bezala). Bere filmetako estetika preziosista eta Afrikaz ematen duen ikuspegi nostalgiko exotikoa direla eta, eztabaida handiak sortu dira Ouedraogoren ikuspegia gaitzesten dutenen (europartzat jotzen dutelako) eta defendatzen dutenen artean (miseriatik ateratzeko eta irudi eta hots perfektotasuna bilatzeko ahaleginagatik). Bere filmak nazioarteko jaialdi inportantenetan lehiatu dira, arrakasta handiz: Yaaba eta Talai filmek, adibidez, Kritikaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuten 1989. eta 1990. urteetan; Samba Traore-k Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinen, 1992an; eta Le Cri de Couer-ek, Veneziako Jaialdian parte hartu zuen, 1994an.