Ouellette, Fernand
Kanadar poeta (Montréal, 1930). Québec-eko 1960ko hamarraldiko idazle nagusietako bat. Gizarte zientzietako ikasketak egin zituen. 1959an Liberté literatura aldizkaria sortu zuen, Jean-Guy Pilon eta beste poeta gazte batzuekin batera. 1956-1970 bitartean irratirako lanak idatzi zituen, poesiari buruzko artikuluak, Québec-eko egoera politiko sozialaz, hizkuntzaz eta kulturaz, eta Edgard Varèse, Novalis, Jouve, Kierkegaard eta Dostoievski bezalako europar artistez. 1972an Poésie argitaratu zuen, bere lehenengo lau poema bildumak barne hartzen dituen obra, eta France-Canada saria irabazi zuen horrekin. Bederatzi urte geroago, beste liburu bat argitaratu zuen, En lan nuit, la mer, bi poema bildumarekin: Ici, ailleurs la lumière (1977) eta A découvert (1979). Beste lan aipagarri batzuk: Écrire en notre temps (1979) saiakera, eta Tu regardais intensément Geneviève (1979) eta La mort vive (1980) eleberriak. Ouelletteren poesian bizitza, heriotza, maitasuna, sentsualitatea, bilaketa espirituala eta bakardadea dira gai nagusiak.