Oviedo
(Bablez Ovieu). Asturiasko hiriburua; 190.123 biztanle (1981); 184,32 km2. Oviedoko arroan dago, Nalon, Trubia, Caudal eta Nora ibaiek bat egiten duten lekuan, Naranco mendiaren ondoan. Oviedoko parte zaharra Erdi Arokoa da. v Ekonomia. Administrazio, merkataritza eta finantza zerbitzuek garrantzi handia dute. Armaola izan zen XVIII. mendearen bukaeran Oviedon finkatu zen lehen industria handia. Industria nagusiak altzairu bereziak eta ongarriak, koloregaiak eta gai kimikoak dira. v Historia. VIII. mendean San Vizente baselizaren inguruan sortu zen herrigunean du jatorria. IX. mendearen hasieran Alfontso II.ak hiriburutzat hautatu zuen, eliza barruti bat sortu zuen eta harresiak eraiki zituen. 1090ean Alfontso VI.ak foruak eman zizkion hiriari; Berant Erdi Aroan erromesaldiek eta merkataritzak hiria asko handitu zuten. XIII. eta XIV. mendeetan apezpikuak eta elizakoak ez ziren aitonen semeak borrokan ari izan ziren; 1521ean sute batek ia hiri osoa suntsitu zuen. 1780ean sortu zen Asturiasko Adiskideen Elkartea, garrantzi handia izan zuena. 1794an armaola sortu izanari eta Gaztelarako errepidea eraikitzeko lanei esker, gora egin zuen hiriak. XIX. mendearen hasieran absolutistak eta liberalak borrokan ari izan ziren. XX. mendearen hasieran langile erakundeek eta sindikatuek indar handia izan zuten; 1917ko greba orokorrean meatzariak hiriburua hartzen saiatu ziren, baina militarrak nagusitu zitzaizkien. 1934an “Asturiasko Iraultza” gertatu zen: meatzariek Oviedo beretu zuten; militarrek gogor zapaldu zuten matxinada eta hildako eta atxilotu asko izan ziren. v Artea. Erromaniko aurreko garrantzi handiko monumentuak daude Oviedo ondoko Naranco mendian: Santa María del Naranco jauregia, San Miguel de Lillo eta San Julián de los Prados elizak. Beste eliza aipagarri batzuk: katedral gotikoa, Santo Domingo, San Pelayo, San Isidoro eta Santa Clara elizak. Eraikin zibil nagusiak: Udaletxea (XVII-XVIII. mendeak), unibertsitatea. Camposagrado, San Feliz, Velarde, Campomanes, Lanes eta Toreno jauregiak.