osmoerregulazio
iz. Biol. Izaki bizien presio osmotikoa erregulatzen duten mekanismoen multzoa. Inguruneko gatz kontzentrazioarekiko hiru egoeratan aurki daitezke zelulak: 1) Egoera isotonikoan, zelula eta ingurunearen kontzentrazioak berdinak baldin badira (kasu horretan ez da beharrezkoa osmoerregulazioa). 2) Egoera hipertonikoan, zelularen kontzentrazioa eta, ondorioz, presio osmotikoa, ingurunekoa baino handiagoa denean. 3) Egoera hipotonikoa, alderantziz denean. Osmoerregulazioa egoera hipotoniko eta hipertonikoan behar da. Zelulan gertatzen diren osmoerregulazio gertaera nagusiak plasmolisia eta turgentzia dira. Inguruarekiko hipotonikoa denean zelulak ura galtzen du bere mintz erdi-irazkorretik, horrela isotoniara heltzeko; aldi berean, zelularen presio osmotikoa igo eta plasma bolumena jaitsi egiten dira. Zelularen egoera hipertonikoa denean, prozesua alderantzizkoa da; hots, ingurunetik ura hartzen du, ondorioz, presio osmotikoa jaitsi eta plasma bolumena igo egiten dira. Lehenengo fenomenoari plasmolisi deitzen zaio, eta bigarrenari turgentzia. Bi fenomeno horiek gehiegizko neurrian gertatzen badira zelularen heriotza sor dezakete; izan ere, turgentzia denean, mintza apur daiteke, eta plasmolisia denean, berriz, erabat alda daiteke. Beste osmoerregulazio mota batean, prozesua guztiz alderantzizkoa da: zelulak bitarteko fisiko eta kimikoak ditu presio osmotikoaren aldaketak eragozteko; horrela, ez da inguruaren mende aurkitzen.