Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

osmosi

iz. Mintz irazkor batean zehar nahasteko gai diren bi isurkari edo gasen artean gertatzen den barreiatzea.  v  Kim. eta Fis. Kontzentrazio ezberdineko bi disoluzio bereizten dituen mintz erdi-irazkorraren alde batetik bestera disolbatzailea pasatzea. Mintza kolodioiz edo pergaminoz egina egon daiteke, eta hauen poro txikietatik ezin dira pasa disoluzioaren molekulak edo ioiak. Osmosiaren helburua bi disoluzioen kontzentrazioak eta lurrun presioak berdintzea da. Presio osmotikoa disoluzioen tasun bat da, eta disoluzioan dagoen molekula kopuruak baldintzatzen du, ez molekula horien izaerak. Hori formula honen bidez adieraz daiteke:  đV=nRT. Bertan  đ disoluzioaren presio osmotikoa da, V disoluzioaren bolumena, n solutuaren mol kopurua, T tenperatura Kelvin gradutan eta R gas idealen konstantea. Disoluzioaren presio hidrostatikoak jario osmotikoa berdindu arte jarraitzen du osmosiak. Era mekaniko batez disoluzioari  đ baino presio handiagoa ezartzen bazaio disolbatzailea aurkako norabidean pasatzen da mintzean zehar, disoluzioaren kontzentrazioa handituz; gertaera horri aurkako osmosia deitzen zaio eta oso erabilia da industrietako ur hondakinak garbitzeko, itsasoko urari gatza kentzeko etab.  v Biol. Izaki bizietan osmosiak sortzen du zeluletako ur mugimendua, eta, ondorioz, izakiaren ur oreka erregulatzen du. Zeluletako mintza erdi-irazkorra da, hau da, urak mintza igarotzen du; ez, ordea, solutuek. Adibidez, globulu gorriak uretan edo soluzio hipotoniko batean sartuz gero, ura sartzen da globulu gorrietan eta puzten eta lehertzen dira (hemolisia); alderantziz, globulu gorriek soluzio hipertonikoan sartuz gero, ura galtzen dute eta uzkurtzen dira. Azkenik, globulu gorriak soluzio isotonikoan sartuz gero, ez dute aldaketarik. Ugaztun eta ornodun gehienak, osmosia erregulatzeko duten hainbat mekanismori esker, beren barneko presio osmotikoari aldaketarik gabe eusteko gai dira; animalia homeosmotikoak dira alegia.