Oshima, Nagisa
Japoniako filmegilea (Kioto, 1932). Zuzenbide eta politika ikasketak egin zituen Kiotoko unibertsitatean. 1954an Shochiku estudioetan hasi zen lanean; han zuzendari-laguntzaile gisa jardun zuen eta zinemarako historiak eta zinema kritikak idatzi zituen. 1959an bere lehen filma egin zuen, Ai to kibo no machi (Usoak saltzen dituen mutikoa), film berritzailea gaiz eta estiloz. 1960an Nihon no yoru to (Gaua eta lainoa Japonian) filma egin zuen Shochikuren baimenik gabe; 1960ean Japonian izandako gertakari larriak aipatzen dituen film honek iskanbila handia sortu zuen, Shochikuk debekatu zuen eta estudioaren eta zuzendariaren arteko harremanak eten ziren. Hurrengo hiru urteetan telebistarako filmak egin zituen eta artikuluak idatzi zituen. 1965ean bere estudioa sortu zuen, Sozo-Sha, eta hainbat film egin zituen sexua eta hilketa gaitzat harturik. 1970 inguruan zinema independentearen gainbeherarekin batera Oshimak bere estudioa itxi zuen eta zinema uztekotan ibili zen. 1976ean frantses produktore baten laguntzaz eta zentsurari erronka joz bere maisulana egin zuen, Ai no korida (Zentzumenen inperioa), sexuari buruzko film gogorra, eskandalua sortu zuena eta nazioartean arrakasta handia izan zuena. Beste film batzuk: Amakusa Shiro Tokisada (1962, Iraultzailea), Etsuraku (1965, Haragiaren plazerrak), Hakuchu no torima (1966, Ikuspena), Kaettekita yopparai (1968, Hiru mozkorren itzulera), Shonen (1969, Mutikoa), Tokyo sengo hiwa (1970, Tokio gerraren ondoren), Ai no borei (1978, Pasioaren inperioa), Senjo no Merry Xmas, Mr. Lawrence (1983, Eguberri on, Mr. Lawrence), Max, mon amour (1986, Max, ene maitea).