Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Osetia

Kaukaso Nagusiko lurraldea, gaur egun, Errusiaren eta Georgiaren artean banatua dagoena: Ipar Osetia (Errusia) eta Hego Osetia (Georgia).  v  Ipar Osetia. Errusiako errepublika autonomoa, Kaukaso Nagusiko iparraldeko isuraldean. 8.000 km2 eta 613.000 biztanle (1985). Etniak: osetiarrak, % 50; errusiarrak, % 34; inguxak, armeniarrak, georgiarrak eta ukrainarrak, % 16. Hiriburua: Vladikavkaz (303.000 biztanle, 1985). Oso lurralde menditsua da (Dzhimara mendia, 4.780 m), iparraldeko sargune batean, Mozdok hiriaren inguruan izan ezik. Mendikateak arroil edo mendi-zintzur sakonez ebakiak daude. Lurralde osoa Terek ibaiaren goialdeko arroan dago. Basoak lurraldearen laurden bat hartzen du: haritzak, pinuak, makalak, astigarrak eta limondoak. Nekazaritzan lantzen diren gai nagusiak garia, artoa, patatak, ekilorea, kalamua, fruituak eta tabakoa dira. Abere hazkuntza: ardiak eta behiak. Basoaren ustiapenak garrantzi handia du. Industria hiriburuan bilduta dago: eraikuntza gaiak, metalurgia eta janari industria (artoa). Mea baliabideak: beruna, zinka eta boroa. Argietxeak.  v  Hego Osetia. Georgiako lurralde autonomoa, Kaukaso Nagusiko hegoaldeko isuraldean. 3.900 km2 eta 98.000 biztanle (1984). Etniak: osetiarrak, % 66; georgiarrak, % 29. Hiriburua: Tskhinvali (34.000 biztanle, 1984). Lurralde menditsua da, Kura ibaiaren arroan; lurraldearen % 90 1.000 m-tik gora dago eta % 9 baino ez da nekazaritzan erabiltzen. Lantzen diren gai nagusiak laboreak, barazkiak, fruituak eta mahastiak dira. Abere hazkuntzan ardi aziendak du garrantzirik handiena. Basoaren ustiapena. Industria hiriburuan bildua dago: metalurgia, zurgintza eta eraikuntza gaiak. Argietxeak. Irakasle eskola, bigarren mailako ikasketa berezietarako eskolak, liburutegiak eta museoak. Osetieraz idatzitako aldizkariak eta egunkariak.  v  Historia. Hunoek Volga eta Don ibaien ibarretan bizi ziren alanoen erreinua desegin ondoren (K.o. 350-374) Kaukasoan geratu ziren alanoen ondorengoak dira gaur egungo osetiarrak. XII. mendean kristau egin ziren. XIII. mendean, tartaroen inperioa Osetian barrena hedatu zenean, osetiarrak mendietan babestu ziren. Errusiaren eta Turkiaren arteko gerraren ondoren (1768-1774) Osetia Errusia garailearen mendean geratu zen. Errusiaren koloniziazioa iparraldean hasi zen, 1784an Vladikavkaz-eko gotorlekua eraiki zutenez gero batez ere. 1919-20 urteetan boltxevikeak eta errusiar «zuriak» Osetiako lurraldea beretzeko borrokatu ondoren, 1921etik aurrera, Kaukasiako Sobietar Errepublika Sozialista (SES) autonomoaren barruan geratu zen. 1922an Hego Osetiako lurralde autonomoa sortu zen Georgiako SESren barruan. 1924an Ipar Osetia Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren (SESF) barruko lurralde autonomo bilakatu zen, eta 1936tik aurrera, SES autonomo. 1992az geroztik Ipar Osetia Errusiako Federazioko errepublika autonomoetako bat da.  v  1990ean Georgiako lehendakari Zviad Gamsajurdia-k Hego Osetiaren autonomia galarazi zuen, eta osetarriak lurraldetik egotzi nahiaz salatua izan zen. Hego Osetiaren eta Tblisiren arteko harremanek okerrera egin zuten, eta gerra zibila piztu zen lurraldean, hildako eta erbesteratu asko eragin dituena. 1991eko abenduan osetiar herriaren Kongresuak Hego Osetiaren eta Ipar Osetiaren batasuna eta Errusiarekiko lotura aldarrikatu zituen.