Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oscar

Holliwood-eko Academy of Motion Picture Arts and Science (Zinemako Arte eta Zientzien Akademia) erakundeak 1927 ezkero zinemako artista eta teknikari batzuei urtero sari gisa ematen dien irudiaren izena. Akademiak, zinemaren alor guztietako kideek osatuak, hautagaien zerrenda egiten du eta sari bakoitzerako bost izen proposatzen ditu azken bozketarako. Oscar sari nagusiek urteko film onena, atzerriko film onena, aktore onena (gizonezkoa eta emakumezkoa, antzezle nagusia eta bigarren mailakoa), zuzendari onena, gidoigile onena, argazki-zuzendari onena, eta musikagile onena saritzen dute.