Ormaetxea Pellejero, Nikolas
(«Orixe» deitua). Gipuzkoar idazlea (Orexa, 1888 - Añorga, 1961). Orexan jaio bazen ere, Nafarroako Uhitzin hazi zen. Hamazazpi urte zituela Jesusen Lagundikoekin ikastera joan zen, Xabierra. Ondoren, Loiola, Burgos, Oña, Comillas, Carrion eta Tuteran ibili zen, eliz ikasketak bukatzen, harik eta 1923an, Lagundia utzi zuen arte. 1923-1931 bitarteko urteetan Bilbon bizi izan zen. 1927an, Euskal Literatura’ren Atze edo Edesti Laburra argitaratu zuen, eta bi urte geroago Santa Cruz apaiza izeneko kontakizuna. Lehen olerki bilduma 1934an argitaratu zuen: Barne-muinetan, olerki mistikoak. 1931n Orexara joan zen, Euskaldunak, Orixeren olerki lanik landuena ontzeko asmoz. Aitzolen aginduz egin bide zuen lan hori, uste zutelako Mistralen Nobel sariak proventzerari eman zion bultzada Orixek eman ziezaiokela euskarari. Izan ere, Mistralen Mireio izeneko obra, Orixek berak itzuli zuen Mistral-en Mireio euskeraz (1930) izenburupean. Euskaldunak, berriz, gerra aurretik bukatua bazuen ere, ezin argitaratu izan zuen 1950 arte. 1936ko gerraurreko olerkari belaunaldiko kideetako bat izan zen, Lauaxetarekin, Lizardirekin eta Loramendirekin batera. Gerraren hasierak Orexan harrapatu zuen Orixe. Atxilotua izan zen eta Iruñeko San Cristóbal gazteluan egon zen preso. 1938an Frantziara joan zen, atzerriratua; handik Ameriketara jo zuen, Argentinara, Txilera eta El Salvadorrera. Han zegoela, Euzko-Gogoa aldizkarirako, Kito’n arrebarekin, gerrako eta atzerrialdiko oroitzapenak kontatzen dituen obra, idatzi zuen, arrebarekin izandako elkarrizketa moduan antolatua, eta liburu moduan berriki argitaratu dena (1988). 1954an Euskal Herrira itzuli zen; harrera beroa egin zioten euskal idazleek eta euskaltzaleek. Itzulpen lan asko egin zituen Orixek: Tormes’ko itsu-mutilla (1929), Urte guziko Meza-bezperak (1949), Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak (1956), Salmutegia (1967). 1971n, Jainkoaren billa, hitz lauzko teologia lana, argitaratu zioten. 1976an Auñamendi argitaletxeak Euskaldunak eta beste olerki guziak bilduma argitaratu zuen. Eragin handia izan zuen Orixek bere ondorengo belaunaldiaren idaztankeran. v 1965ean, Orixe hil eta handik lau urtera, Orixe. Omenaldi izeneko liburua atera zen, idazle askoren artean moldatua. Bestalde, Orixeren lan asko aldizkarietan barreiatuta zeuden (Jesusen Biotzaren deya, RIEV, Euskera, Euskal Esnalea, Yakintza, Euzko-Gogoa, Gernika, Karmel, Olerti…); berriki, Paulo Iztuetak bilduta, Orixeren idazlan guztiak argitaratu ditu Etor etxeak, Iztuetaren azterlan sakon batekin. Joxe Azurmendik bi liburuki atera zituen, Orixeren gaurkotasuna aztertzen dutenak: Zer dugu Orixeren kontra (1976) eta Zer dugu Orixeren alde (1977).