Ormazábal Tife, Ramón
Gipuzkoar politikari komunista (Irun, 1910 - Bilbo, 1982). Gaztetandik ibili zen komunistekin, eta 1934. urteko matxinadaren ondorioz Iruñera ihes egin behar izan zuen. 1935ean, Alderdi Komunista formalki antolatu zenean, Bizkaian jarri zen bizitzen. Bizkaiko defentsarako batzordeko kide zen Gerra Zibila hasi zenean, eta Alderdi Komunistaren Euzkadi Roja aldizkariko zuzendaria izan zen. Alacanten atxilotu zuten 1939an, baina espetxetik ihes egin eta Estatu Batuetara jo zuen lehenik eta Hego Ameriketara ondoren. Alderdia berriro antolatzeko lanetan jardun zuen erbestean eta berriro espetxeratu zuten 1962an Bizkaiko eta Gipuzkoako urte bereko grebetako bultzatzaileetako bat izateagatik. Espetxetik ateratzean (1970), Alderdiko idazkaritza nagusiaren ardura hartu zuen Frantzian, eta Euskadiko Alderdi Komunistako Kongresua egin zen arte ez zen hegoaldera itzuli (1977).