Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orissa

Indiako ekialdeko estatua, Bengalako golkoan, Dekkan penintsulako ipar-ekialdean. 155.782 km2; 31.512.070 biztanle (1991). Hiriburua: Bhubaneswar. Goi-ordokiek eta mendiek hartzen dute estatuko lurralderik gehiena. Mahanadi, Brahmani eta Baitarani ibaiak lurrak ureztatzeko erabiltzen dira eta, oro har, mendebaletik ekialderako norabidea dute. Klima tropikala da. Biztanleriaren % 90 inguru herrixketan bizi da, eta nekazaritza dute jarduera nagusia: arroza, landare oliodunak, azukre kanabera, iutea, kokoa, etab.; azienda (bufaloak, behiak, ardiak, ahuntzak). Meatze baliabide garrantzitsuak: burdin minerala, kromita (Indiako lehen ekoizlea), manganesoa, grafitoa, bauxita, etab. Industria nagusiki baliabide horien ingurukoa da. Arrantza ere garrantzitsua da.  v Historia. Kalinga dinastiarekin erresuma aberatsa zen Budaren garaian. K.a. III. mendean Asoka enperadorea hartaz jabetu zen denbora batez, baina burujabetasuna berreskuraturik, itsas herri ahaltsua izan zen kristautasunaren lehen mendeetan. Ganga dinastiarekin urrezko aroa iritsi zuen (1078-1264). 1592an mongolek beretu zuten, eta 1803an ingelesek konkistatu zuten. 1949an egin zen Indiako Batasuneko estatu.  v Artea eta kultura. Indiako kulturan garrantzi handia izan dute Orissa-ko santutegi ospetsuek, Bhubaneswar-ekoak bereziki (VIII–IX. mendeak). Bestalde, orissi deiturikoa Indiako bost dantza mota klasikoetako bat da. Leinu asko daude eta erabiltzen diren hizkuntzak munda, dravidikoa eta oriya dira. Barnealdeko basoetan zenbait tribu primitibo bizi dira oraino, ehiza, bilketa eta nekazaritza ibiltaria egiten dutenak.