Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orio

Gipuzkoako kostaldeko udalerria, Donostia eta Zarautzen artean dagoena, Oria ibaiaren eskuinaldean (Donostia-Beterri). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean, Donostia eta Usurbil; mendebalean, Aia; hegoaldean, Aia eta Usurbil. Garaiera, 11 m. 9,8 km2 eta 4.310 biztanle (oriotarrak). Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 90. Hizkuntza banaketa, 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Arrantza portu txiki bat izan arren, industria (janari industria, zurgintza, mekanika lantegiak, eraikuntza; langileen % 50,2) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegiturak; langileen 35,25) dira ekonomia jarduera nagusiak. Bestalde, jende asko Zarautz eta Donostiara joaten da lan egitera. Aipagarria da XVI. mendeko San Nikolas eliza, XIII. mendeko tenplu baten gainean eraikia. Oriotik hurbil baina Aiako udalerriko eremuetan dago Altxerriko kobazuloa. K.a. 7000-8000 urteetako 100 grabatutik gora ditu: bisonteak, oreinak, azeriak, behi eta zezenak, zaldiak, basahuntzak, hegaztiak, etab. Eneolitoko bizilekua izan zela uste dute.  v Historia. 1379. urtean jaso zuen Orioko herriak hiri-gutuna Joan I.a Gaztelako erregearen eskutik. Urte horretaraino, eta gutxienez 1180az gero, Donostiako parte izan zen.