Orinoco
Venezuelako eta Kolonbiako ibaia. 2.070 km inguru. Hego Ameriketako hirugarren luzeena da, Amazonas eta La Plata ibaien ondoren. Orinocoren arroak 880.000 km2-ko eremua hartzen du, belardiak eta baso tropikalak gehienbat. Venezuelaren eta Brasilen arteko Parimako mendikatean sortzen da. Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko muga eratzen du 420 km-tan zehar. Ibai anitzen emaria hartzen du. Venezuelako zabaldiak igarotzen ditu mendebaletik ekialdera. Atlantikoan itsasoratzen da, delta zabal batean (26.000 km2, 275 km-ko kostaldea). Ibai ahoan pilatzen diren sedimentuek 100 milioi m3 inguru hondakin solido osatzen dituzte urtero. Apirilean, euriarekin, hazten hasten da eta abuztuan darama urik gehiena. Uretako faunari dagokionez, zenbait animalia mota berezi bizi dira Orinoco-n, haien artean piraña, laulao deiturikoa (90 kg-z goragoko arraina) eta Orinoco-ko krokodiloa (munduko handiena, 6 m-tik gora). Itsasontzi handiak Ciudad Bolivar-eraino irits daitezke (itsasotik 450 km inguru), eta txikiak Puerto Ayacucho-raino.