Onaindia Baseta, Santiago
Bizkaitar idazle eta itzultzailea (Amoroto, 1909 - Euba, 1996). Karmeldarra. Larrean egin zituen lehen eliz ikasketak. Ondoren, Markinan, Gasteizen eta Begoñan ikasketa haiek osatu ondoren, 1934an apaiz egin zen. Gerra hasi zenean, gudarien kapilaua izan zen Euskal Herriko kanpainan barrena. Kartzelan egon zen hiru urtez. Gerra aurretik, Euskal Esnalea, Karmen’go Argia, Pyrenaica, Ekin, Yakintza, Eguna eta Euzkadi aldizkarietan idatzi zuen. 1951n, Karmen’go Amaren Egutegia sortu zuen, gerora Karmel aldizkaria bihurtu zena. 1959an, berriz, Olerti aldizkaria sortu zuen. Onaindiaren hasierako liburuetako bat Milla euskal olerki eder (1954) izeneko antologia zabala izan zen. 1965ean Jolasketa argitaratu zuen. Haur jolasen bilduma bat da, zenbait idazleren testuekin osatua. Euskal idazleen gutun antologia bat ere eman zuen argitara, 1974an, Eskutitzak izenburupean. Saioak ere argitaratu zituen: Gure bertsolariak (1964), Enbeita oleskaria (1965), Gure urretxindorra: Enbeita’tar Kepa (1971), Euskaldunak eta osasuna (1984), Arana Goiri’tar Sabin olerkaria (1982), eta Euskal Literatura (1972-1990, Euskal literaturaren historia 6 liburukitan). Bestalde, olerkiak ere idatzi zituen: 1970ean, 1929-1950 urte bitarteko olerki guztiak biltzen dituen Goiznabar liburua argitaratu zuen, eta geroztik olerki guztien bilduma osoa kaleratu zuen. Zenbait idazleren lanak bildu, prestatu eta kaleratu zituen, hala nola Arrese Beitiarenak, Txomin Agirrerenak, Kirikiñorenak eta Lauaxetarenak. Tagore, Virgilio, Santa Teresa, Dante, Goethe, Homero eta Baroja itzuli ditu euskarara. 1991. urteaz geroztik EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ohorezko kidea izan zen, eta Bertsozaleen Elkarteak ere omenaldia eskaini zion 1993an. Euskarazaintza elkarteko kidea ere izan zen.
- on 1
- on 2
- onagra
- onagrazeo
- Onaindi Buruaga, Josu
- Onaindia Baseta, Santiago
- Onaindia Natxiondo, Mario
- Onaindia Zuloaga, Alberto
- Onan
- onanismo
- onargarri