Onaindia Zuloaga, Alberto
Bizkaitar elizgizona (Markina, 1902 - Donibane Lohizune, 1988). Gasteizen eta Erroman egin zituen eliz ikasketak. Getxon egon zen 1931. urtetik aurrera eta bertan ezagutu zuen Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izan zena. Asociación Vasca de Acción Social Cristiana (AVASC) erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta orobat ELA sindikatuko ideologo nagusietakoa errepublika garaian Aitzol eta Polikarpo Larrañaga apaizekin batera. 1936ko irailean Mola jeneral frankistaren ordezkari batzuekin bildu zen, frankistek bakerako eginiko proposamen bat aztertzeko, baina, ezarritako baldintzak ezin onartuzkoak zirela eta, ezerezean geratu ziren harreman haiek. Eusko Jaurlaritza sortu ondoan (1936ko urria) berebiziko lana egin zuen Aita Santuaren aurrean, lehenik, eta Francoren alde ziharduten agintari militar italiarrekin, ondoren. Azken harreman hauen ondorioz zehaztu zen Santoñako armen uztea (1937ko ekainaren 26a). Erromara jo zuen ondoren eta euskal presoentzat hitzarturiko neurriak hutsean gera ez zitezen ahaleginak egin zituen Aita Santuaren aurrean euskaldunen alde. Parisen egon zen 1940 arte eta Londresa igaro zen ondoren, nazien sarrera gertu zela eta. BBC irratian jardun zuen Bigarren Mundu Gerrako urteetan eta Radio Paris irratian jarraitu zuen gerra ondoan Padre Olaso goitizenez. 1946an Imperativos de mi conciencia (Barneak agintzen dizkidanak) izenburupean idatzi zuen gutun ospetsua prestatzen lagundu zion Mateo Mugica apezpiku ohiari, Jose Migel Barandiaranekin batera, eta erbesteko apaiz euskaldunen buru gisa jardun zuen aurrerantzean. Santoñako gertaerek kezkatu zuten bereziki; luzaroan egon zen gertaera haiek kontatzeko gogoz, baina 1983 arte ez zen El Pacto de Santoña (Santoñako Hitzarmena) izeneko liburua argitaratu. Bi liburu idatzi zituen 1973an, Hombre de paz en la gerra (Bake gizona gerran) eta Experiencias del exilio (Erbesteko bizikizunak), gerra garaiko eta erbesteko gertaerez.
- onagra
- onagrazeo
- Onaindi Buruaga, Josu
- Onaindia Baseta, Santiago
- Onaindia Natxiondo, Mario
- Onaindia Zuloaga, Alberto
- Onan
- onanismo
- onargarri
- onargarritasun
- onarkizun