Ollo Bidaurreta, Nicolás
Nafar jeneral karlista (Ibero, Oltza, 1816 - Trapagaran, 1874). Lehen karlistadan parte hartu zuen eta birritan zauritu zuten, Lutxanan eta Erreniaga mendietan. Elio Ezpeletaren agindupean jarri zen 1839. urtean eta bat etorri zen Bergarako Besarkadarekin. O´Donnell militarrak antolatu zuen Iruñeko matxinadan parte hartu zuen 1841. urtean baina Frantziara erbesteratu behar izan zuen. 1854. urtean kapitain izendatu zuten eta komandante bi urte geroago. Afrikan borrokatu ondoren teniente koronel izendatu zuten. 1868. urteko iraultzaren ondoren karlismoari eutsi zion berriro ere eta Nafarroako matxinada antolatzeko ardura izan zuen, baina Orokietako gudua galduta Frantziara ihes egin behar izan zuen berriro ere. Nafarroako komandante nagusi zela 10.000 gizonek osaturiko armada talde bat sortu zuen 1872. urtean eta mariskal izendatu zuten hurrengo urtean. Bilboko setioan borrokatu zen eta Domingo Moriones buruzagi errepublikanoa garaitu zuen 1874. urteko otsailaren 24 eta 25ean. Bi egun geroago hil zen leherketa baten ondorioz.
- Ollero, Carlos
- Olleta
- Ollier, Claude
- Ollin
- Ollivier, Emile
- Ollo Bidaurreta, Nicolás
- Ollo
- Ollobarren
- Ollogoien
- Olloki
- Olloqui Rueda, Antonio