Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Odieta

Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). 1999ko datuen arabera, 327 biztanle. Kontzeju hauek osatzen duten udalerria: Anozibar, Ziaurritz, Gaskue, Gelbentzu, Gendulain-Odieta, Latasa, Ostitz eta Erripa (herriburua). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Mugak: iparraldean, Ultzama; ekialdean, Anue; mendebalean, Atetz; hegoaldean, Olaibar eta Ezkabarte. Garaiera, 482 m. 23,73 km2 eta 342 biztanle (odietarrak). Ultzama ibaia igarotzen da Odietako udalerri eta ibarretik. Euskara, hegoaldeko goi-nafarrera; euskaldunak, % 20. Nekazaritza (garia, garagarra, artoa, ardi, behi eta zerri azienda; langileen % 48) eta zerbitzuen alorra (garraioak, dendak, oinarrizko zerbitzuak; langileen % 30) dira ekonomia jarduera nagusiak. Arteari dagokionez aipagarriak dira Ultzama ibaiaren gaineko Ziaurritz, Erripa eta Latasako Erdi Aroko zubiak, Anotzibarreko XVI. mendeko Santo Tomas parrokia eliza eta bertan gordetzen den XVI. mendeko erretaula nagusia, Ziaurritzeko Santa Katalina parrokia eliza eta jauregia, Gelbentzuko jauregia eta XVI. mendeko San Joan Ebanjelariaren parrokia eliza, Latasako XVI. mendeko San Martin Tourseko eliza gotikoa, Ostitzeko San Joan Bataiatzailearen eliza erromaniko-gotikoa eta Erripako jauregi-dorretxea.  v  Historia. 1192. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Odietako herria. Urte horretan jaso zituen foruak Antso VI. Jakituna Nafarroako erregearen eskutik. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.