Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Odisea

K.a IX. mende inguruko greziar epopeia. Betidanik Homerok idatzitakotzat hartu izan da, baina badira, Iliadan eta Odisean agertzen diren zenbait pasarte direla eta, idazle berarenak ez direla diotenak ere. 12.110 bertso ditu, hexametrotan onduak, eta 24 kantutan banatuak. Ulisek (Odiseo) Troiatik Itakara bitartean, eta Itakara itzulita gero (40 egun) izan zituen gorabeherak kontatzen dira Odisea epopeian; lehen 12 kantuetan hura Troiatik irten eta bere herrira itzuli zen artekoak, eta beste 12-etan, Itakara itzuli ondorengoak. Bi parte bereiz daitezke beraz.  v Troiatik Greziarako bidean, Ogigia uhartean geratzera beharturik, Kalipso ninfa Ulisez maitemintzen da eta ez du uhartetik irteten utzi nahi. Itakan, berriz, Ulise hila uste zuten hainbat ezkongai ingurutik urrundu ezinik dabil Penelope, haren emaztea. Jainkoek Ulise libre uzteko agintzen diote Kalipsori. Hau irteten da uhartetik, baina ontzia hondoratzen zaio, eta Feazia uhartera iristen da. Azken hamar urteetako abenturak, Troiakoak, Polifemorekin izandakoak, kontatzen dizkio Antinori, uharteko erregeari. Hark antolatzen dio gero Itakako bidaia. Itakan, etxola batean gordeta geratzen da bere seme Telemako aurkitzen duen arte. Artzai jantzita etxera itzuli, Penelopek inguruan zerabiltzan ezkongaiak hil, eta Itakako errege bihurtzen da berriro.  v Odisearen erdialdeko parteak asmaziozko eleberri bat dirudi, beste hainbat zatitan berriz nekazari giroko poema bat. Bukaerako sarraskian eta Troiako gerrari buruz ari denean izan ezik, poema epiko baten antz gutxi du. Kronologiaren aldetik begiratuta, ez da oso zehatza; Odiseako kontaera Iliadakoa bezain lerraldi zuzenekoa ere ez da.